Espainiako ziklo-kros txapelketan lehiatuko dira Aimar Erostarbe eta Aitor Altube oñatiarrak

Espainiako ziklo-kros txapelketan lehiatuko dira Aimar Erostarbe eta Aitor Altube oñatiarrak
Aimar Erostarbe abenduan Oñatin egin zen lasterketan
Egubakoitzetik domekara bitartean jokatuko da, Pontevedran (Galizia), Espainiako ziklo-kros txapelketa eta han izango dira lehian, Euskadiko maillotarekin, Aitor Altube eta Aimar Erostarbe oñatiarrak. Zapatu arratsaldean dute lasterketa.
Asteburu honetan jokatuko dute, Pontevedran (Galizia), ziklo-kroseko Espainiako txapelketa, eta bi oñatiar izango dira lehian kadete mailan Euskadi ordezkatuko duen taldean: Aitor Altube eta Aimar Erostarbe.

Zirkuitua laua da

Egubakoitzean hasiko da txapelketa, baina eurek zapatu arratsaldean dute lasterketa. "Ez dugu zirkuitua ezagutzen, baina ez da oso teknikoa, laua da. Hala ere, zapatuko lasterketa egin aurretik joango gara ibilbidea nolakoa den ikustera", dio Aimar Erostarbek. Bigarren aldiz lehiatuko da Erostarbe ziklo-kroseko Espainiako lasterketan. "Pozik" eta "gogotsu" doala aitortu du, nahiz eta "maila handia" egongo dela jakin. Aitor Altuberendako, berriz, lehen aldia izango da. Bere aitak, Mariano Altubek, Espainiako txapela irabazi zuen Ordizian izandako proban, 1975ean. Hark ere badu asmoa asteburuan Pontevedrara joan eta txirrindulariak animatzeko.

Disfrutatzea helburu

Arrikrutz-Kobak Aloña Mendi ziklo-kros taldeko Ruper Arkauzen esanetan, Erostarbek eta Altubek aukerak dituzte txapela buruan dutela bueltatzeko. "Egia da Espainiako txapelketa dela eta gainerako txirrindulariak ere onak izango direla, baina bi hauek maila oso handia dute, txapeldunak izateko bestekoa".
 
Aurreko asteburuan bukatu zen ziklo-kros denboraldia, eta balorazioa "oso ona" dela adierazi du Arkauzek. "Ander Blazquezek eta Aritz Torresek gura baino gutxiago disfrutatu dute, osasun arazoengatik ezin izan dute-eta denboraldi osoa egin, baina, orokorrean, balorazioa oso ona da. Pozik gaude. Esango nuke behetik gora egin dutela taldeko txirrindulariek". Emaitzak emaitza, "oso pasatzea eta, batez ere, disfrutatzea" izaten da herriko ziklo-kros taldearen helburua, eta hori lortu dutela uste du Arkauzek: "Gustura ikusi ditugu txirrindulariak. Eurendako garrantzitsua izaten da lasterketa ona egitea eta aurrean amaitzea, baina ikusi dugu disfrutatu dutela, eta gu horrek pozten gaitu".

Otsailean, errepidera

Ziklo-kros denboraldia bukatuta, pistako lasterketak alde batera utzi eta errepidekoak prestatzen hasiko dira laster Aloña Mendiko txirrindulariak. Otsailaren amaieran hasiko da errepideko lasterketen denboraldia eta ordurako prest egotea da euren asmoa.