Gipuzkoako txapela lortu dute Biain eta Erle oñatiarrek pilotan

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urt. 10a, 10:25
Erle eta Biain, Zubikoako frontoian, partidua jokatu ostean. (Argazkia: Aloña Mendi)
Zubikoan jokatu zen finaleko partidua abenduan, eta, finalera iritsita, mailaz igotzea ere lortu du bikoteak. Bigarren mailan lehiatuko dira hurrengo denboraldian.
Finalera helduz gero mailaz igoko ziren Ander Biain eta Iñigo Perez Erle, eta, finaleko partidua irabaziz gero, txapeldun bihurtu. Eta biak lortu zituen bikote oñatiar horrek. Abenduaren 21ean jokatu zuten finaleko partidua Zumaiako bikotearen kontra; irabazi egin zuten (22-7), eta Gipuzkoako txapeldunen saria eskuratu.

Bigarren mailara

Aloña Mendik berak eskatu zuen finala Oñatin jokatzea, eta hala izan zen; Zubikoa kiroldegiko frontoian jokatu zuten, abenduaren 21ean. "Zumaiako bikoteko kideetako batek min hartu zuen bezperako egunetan eta ordezko batek jokatu zuen finala. Gu ere ondo aritu ginen, eta, azkenean, dezenteko aldearekin amaitu zen partidua. Oso pozik gaude", dio Ander Biainek. Joan den urtean ere jokatu zuten txapelketa hori Biainek eta Erlek, baina ez zuten zorte bera izan. "Laurdenetara heldu bai, baina kanporatuak izan ginen", gogoratzen du Biainek. Aurten, aldiz, partidua irabazi eta Gipuzkoako txapeldunak izateaz gain, mailaz igo dira. "Senior mailan jokatu dugu azken bi urteetan, eta datorrenean, irailean hasiko den denboraldian, bigarren mailan lehiatuko gara", dio Ander Biainek.

Lau t'erdikoa eta herri artekoa

Hemendik eta udara bitartean beste bi hitzordu ditu buruan Biainek. "Udaberrikoan ez dut parte hartuko, baina bai lau t'erdikoan eta herri artekoan", aitortu du. Bitartean, ohiko entrenamendu saioak egiten jarraituko duela aurreratu du: "Astean behin, behintzat, bai; eta, batzuetan, birritan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak