Etxebizitzaren egurrezko azpiegiturak jaso du kalte handiena, Oñatiko sutean

Xabier Urtzelai 2019ko urt. 5a, 09:34

Goizaldeko 03:25 aldera piztu da sua Oñatiko Maiatzak 1 plazan dagoen etxebizitza batean, garai batean Ikas Hiru akademia egon zen etxean. Ondorioz, hamabi lagun artatu behar izan dituzte, zazpi ume eta bost heldu, kea arnastu dutelako. Suhiltzaileek GOIENAri adierazi diotenez, bertako bizilagunek, oraingoz, ezin izango dute etxera bueltatu. "Egurrezkoa da azpiegitura eta nahiko kaltetuta dago".

"Tentsio handiko momentuak izan ditugu, egia esan, bi haur falta zitzaizkigula uste genuelako. Hori da haur horien amak esaten ziguna, eta ume horien bila sartu gara ostera ere. Zorionez, etxebizitzako balkoira irtenda zeuden beste senitarteko batekin, eta mantekin babestuta zeuden", adierazi dio GOIENAri suhiltzaile batek.

Goizaldean –03:25ean– piztu da sua Maiatzaren 1a plazako eraikinetako batean. Aker tabernaren goiko etxean, alegia. Sua ez da handia izan, baina ke mordoa zegoen. "Komunera  jaiki naiz 03:15ak aldera eta kea sumatu dut etxe barruan. Etxearen alde batean bai, eta bestean ez. Segituan deitu diet suhiltzaileei, baina ordurako bazuten sutearen berri. Kalera jaitsi naiz. Tentsio zen nagusi eraikin guztiaren bizilagunen artean. Dagoeneko gure etxea begiratu dute suhiltzaileek, eta dena dago ondo. Zorionez, ke usaina bakarrak geratu zaigu", esan dio GOIENAri Fernando Lete bizilagunak. Eraikinaren zati batzuk egurrezkoak dira, eta hain zuzen, eskailera da erre dena.

Irudia: Portaleko eskaileraren irudia.

Maiatzak 1 plazako laugarren atariko etxebizitzak dira su hartu dutenak. Bereziki kaltetuta daude etxearen ataria, lehenengo solairura arte eskailera eta lehenengo solairuko eskailera-burua. "Eraikinaren zati batzuk egurrezkoak dira, eta hain zuzen, eskailera da erre dena. Ez dakizkigu sutearen arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen. Izan ere, sutea gertatu den inguruan, izotzaren eraginez, ur-hodi bat lehertu egin da, eta belaunerainoko ur putzua dago", esan du Mikel Larrañaga suhiltzaileak.

Hala, etxetik irteteko bizilagunek ezin zuten eskailera erabili, eta suhiltzaileek balkoitik erreskatatu dituzte. Ondoko etxeetara sartzeko Aker tabernako biltegiko leihoa erabili dute. Leihoa apurtuta sartu dira  biltegira, eta handik, etxearen atarira. "Tabernan ez da ezer gertatu. Nik abisua jaso dudanean, 04:20 aldera, etorri naiz, eta identifikatu ostean sartu naiz taberna barrura. Ke usain apur bat dago, baina besterik ez", esan du tabernako ugazaba Errapel Errastik.

Suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantziak

Suhiltzaileak, Ertzainak eta anbulantziak segituan bertaratu dira. Hamabi bizilagunak kalera atera ostean, segituan artatu dituzte anbulatzian. Guztira hamabi lagun artatu  dituzte, horietako bost adin txikikoak. Pertsona bakar batek behar izan du oxigenoa, kea arnastu duelako, baina, zorionez, ez dute inor ospitalera eraman behar izan.  

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak