Euskal Herrian barrena ibili ostean, etxera dator Lenao

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 11a, 17:58
Egoitz Olalde, Joxeba Aranburu, Iñigo Biain 'Bull' eta Iker Martinez de Zuazo, taldeko kideak. Argazkia: Lenao.

Iparraldeko Argiak diskoa aurkezten ibili dira oñatiarrak Tolosan, Donostian, Amurrion, Angelun eta abar. Asteburu honetan etxean egingo dute geldialdia, eta Oñatiko gaztelekuan eskainiko dute kontzertua, 22:00etan. Natural Project eta DePekuliars taldeek osatuko dute jaialdia.

Disko berria kaleratu zutenetik, Oñatin joko duten lehen aldia izango da zapatukoa. "Espero dugu jendea gerturatzea. Gabonak gainean ditugu, garai onak dira, eta ea jendea animatzen den. Gu, behintzat, oso gogotsu gaude eta daukagun guztia emango dugu. Gainera, sorpresa txiki bat ere egongo da. Beraz, gerturatzeko deia egiten diegu herritarrei", adierazi du Iñigo Biain Bull-ek, taldeko baxu-joleak.

Azken kontzertua Gasteizen eskaini zuten, eta oso gustura itzuli ziren handik. "Azaroaren 20an, Parral tabernan. Martitzen bat zen, eta taberna bete egin zen. Ez genuen espero, eta oso pozik irten ginen".

Beste bi taldeak

Beste bi taldeei dagokienez, batetik, DePekuliars izango da oholtza gainean. Donostiko bakarlari bat da, Javi Odriozola, Javi Zola moduan ezaguna. Zuzenekoetan sorpresa eskaini zalea da, eta oraingoan ere ekarriko du zerbait.

Bestetik, pop rock musika egiten duen Natural Project taldea. "Estanis Elorzaren taldea da. Kasualitatez, ikasle garaian, pisukide izan ginen bi urtez, eta orain arte ez dugu elkarren berririk eduki. Diskoak masterizatzen ditu, bere estudio propioa dauka Donostian. Lenaoren diskoa masterizatzera joan ginenean, berriz elkartu ginen, 26 urteren ostean, eta aspaldiko adiskidetasun horren omenez-edo, Oñatin jotzera gonbidatu genituen", azaldu du Bull-ek.

Zortzi euro da sarrera, eta www.oñati.eus webgunean, Txokolateixian eta leihatila digitalean eskuratu ahal izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak