Abenduaren 19ra arte bozka dezakete herritarrek kirolari onenaren saria

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko abe. 5a, 08:20

Elene Guridiren argazkia: Javi Urola.

Abenduaren 21ean banatuko dituzte osoko bilkuren aretoan 2018ko kirol sariak. Aurtengoa XIX. aldia izango da, eta urtean zehar nabarmendu diren kirolariak sarituko dituzte. Erik Martin, Elene Guridi eta Ainhoa Redin dira herritarren saria jasotzeko hautagaiak. Abenduaren 19ra arte bozkatu daiteke udaleko atari digitalean.

Kirol batzordeko kideek eta kirolaren inguruan lanean dihardutenek egin dute aukeraketa. Kirol sarietan pisu handia izaten duen saria izaten da herritarrek emandakoa. Sari hori jasotzeko aurtengo hiru hautagaiak dira: Erik Martin atleta, Elene Guridi futbol jokalaria eta Ainhoa Redin igerilaria.

Nola eman botoa

Epaimahaiak proposatutako hiru kirolariren artean aukeratu beharko dute herritarrek. Gaur hasi –abenduak 5– eta abenduaren 19ra arte egongo da botatzeko aukera, oñati.eus atarian. Antolatzaileek azaldu dute bozkatzeko sistema kontrolatuta dagoela ordenagailu bakoitzetik boto bakarra eman dadin.

Parte hartuko duten guztien artean bi lagunendako afaria zozkatuko dute.

Hautatuak "pozik" daude

Hautagaiak diren hiru kirolariek "pozik" hartu dute hautagaitza. "Ezustekoa izan da; beste kirol batzuetan, txirrindularitzan, adibidez, oso ondo dabil jendea. Gustura eta pozik hartu dut nire lehenengo denboraldian horrelako aitortza izatea", azaldu du Martinek. Atletismo sailean bigarren denboraldia du Martinek; iaz, lehenengo urtean, "oso denboraldi ona" egin zuen eta horren ondorioa izan zen Oñatiko Corpusetako nazioarteko lasterketan parte hartzeko jaso zuen gonbidapena. 5 mila metroko lasterketan Euskadiko txapelduna izan zen.

Guridik, "harrituta" hartu zuen albistea: "Ez nuen espero. Ohore bat da hautagaitza hau; saria emango didaten edo ez baloratu gabe, oso pozik hartu dut albistea", gaineratu du Guridik. Realeko emakumezkoen bigarren taldean jokatzen du oñatiarrak, irailaz geroztik. Euskadiko selekzioarekin ere ibili izan da entrenatzen, eta iaz Espainiako txapelketako bigarren fasea jokatu zuen Kantabrian.

Redin ere pozik dago hautagaitzarekin: "Bai, pozik hartu dut albistea, ez nuen espero", dio. Txikitatik igerilekuan egindako lanaren fruitua da Redinek hautagaitza honekin jaso duena. Bizkar erara moldatzen da ondoen Redin, eta 2016an, 2017an eta 2018an Espainiako txapelketak jokatu zituen. Euskadiko txapelketetan askotan igo da podiumera oñatiarra.

Kirolari onena eta talde onena

Herritarren sariaz gain, epaimahaiak erabakita beste sari batzuk ere banatuko dituzte abenduaren 21ean. Oñatiko kirolari onenaren saria; talde onenaren saria; entrenatzaile onenaren saria; eta, kirolaren alde egindako lanaren aitortza. Horiez gain, aipamen bereziak ere banatu ditzakete. Saritu guztien izenak egunean bertan jakingo dira, sari banaketa ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak