'Juzgado de guardia', Ikusi Makusiren eskutik

Julen Iriondo 2018ko aza. 30a, 15:00
Argazkia: Berbia Oñati.

Erretiratuentzako egindako lehen emanaldiaren ondotik, herritar ororentzako izango da domekakoa. Taldean sei lagun bakarrik geratu arren, aurrera segitu eta guardiako epaitegi bateko gorabeherak kontatzen dituzte oraingoan Pake Lekuko artistek.

Adinean aurrera eta Ikusi Makusi antzerki taldea murriztuz doa, artista kopuruari dagokionez. Zenbait lagunek utzi egin dute azkenaldian, eta antzeztokira ateratzeko gertu sei lagun baino ez dira geratu, sei emakume. Ohiturari jarraituz, hala ere, aurtengorako ere prestatu dute obra berria, Juzgado de guardia: "Oraindik bagenuen animoa, eta esan genuen: 'Zergatik ez saiatu?'. Saiatu gara eta, bueno, gero eta huts handiagoak egiten ditugu, burua gero eta okerrago dugulako, baina uste dut nahikoa ondo atera dela", zioen Axun Artzuaga zuzendariak duela hiru aste Pake Lekuko bazkideentzat egindako emanaldiaren ostean.

Antzezlanak, izenburuak dioen bezala, guardiako epaitegi bateko gorabeherak kontatzen ditu: "Errealitatekoak ez dira gurea baino hobeak, eta haietan gertatzen diren antzerako gauzak gertatzen dira gurean ere. Haietan, gainera, ez da irtenbide onik egoten; gurean, ostera, dena konpontzen da. Borroka badute epaileak eta abokatuak, baina, azkenean, konpondu egiten da dena".

Herritik kanpora ez

Domekako emanaldia 19:00etan hasiko da, Santa Anan, eta sarrerak saltzen 18:30ean hasiko dira, 5 eurotan. Saio horren ostean, mojen komentura eta erresidentziara joango dira antzezlanarekin; herritik kanpo, baina, ez dira aterako, "asko nekatu barik" ibili nahi dute eta.

Herrian bertan jarraitzeko asmoa badute, hala ere: "Ahal dugun bitartean hemen egongo gara". Eta ateak zabalik dituzte, beste inork antzerkiarekin aproba egin nahiko balu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak