Sailkapeneko bi lehenak nor baino nor gehiago aritu dira gaur Zubikoan. Mekalki Aloña Mendi batetik, zortzitik zortzi irabazita; Donosti Dolphins, bestetik, sei garaipen eta bi porrotekin. Partidu garrantzitsua zen bientzat, helburu bera duten bi talde baitira: mailaz igotzea. Batek irabazi behar zuen, eta kanpotarrek lortu dute hori.
Lehenengo zatia orekatua izan da, nahiz eta donostiarrak beti aurretik joan. Atsedenaldian bost puntuko aldea zegoen markagailuan (31-36). Bigarren zatian, etxekoek gura bai, baina ezin. Hirugarren laurdenetik aurrera husten joan dira Ugarteren mutilak, eta markagailuko aldea handituz joan da pixkanaka. Azken laurdenean hautsi da erabat partidua, eta azkenean aldea handia izan da (54-70).
Oñatiarrek ezin izan dute, beraz, bederatzigarren garaipena errenkadan lortu. "Ezin izan dugu hori lortu, baina horrek ez du zikindu behar egiten ari garen denboraldi ona. Datorren astean Tolosa dugu aurkari, eta hor izan beharko da bederatzigarrena. Ligako maila zein den ikusita, uste dugu goian egoteko aukerak ditugula, eta igoera lortu dezakegula", azpimarratu du Ugartek.