Tulipanak landatuko dituzte domekako elkarretaratzean

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko aza. 23a, 08:06
Oñatiko sare feministako kideak, Eltzian duten lokalean.
Oñatiko sare feministako kideek tulipanen bulbak, loreontziak eta lurra eramango dituzte domekako elkarretaratzera eta herritarrekin batera landatuko dituzte, 13:00etan, Foruen plazan. zainduz gero, loratuta egongo dira Martxoaren 8rako.
Margotutako harriekin eta lurrean landatuko dituzten landareekin instalazio bat egingo dute domekan herriko sare feministako kideek. Plazan egingo duten elkarretaratze "aktiboan" izango da, 13:00etan, Guk planto lelopean.
 
Tulipanak zaindu
 
Astean zehar hitzaldiak, proiekzioak eta film emanaldiak egin dituzte, besteak beste, Udalarekin batera azaroaren 25aren bueltan antolatu dituzten ekintzen artean. Eta asteburuan hiru ekitaldi nagusi egingo dituzte: Egun Morea, harrien eta landareen instalazioa Santa Ana pareko lorategietan eta plazan egingo den elkarretaratzea. Egun Morea "gozatzeko" eguna izango dela aurreratu dute Pototak taldekoek: "Planifikatu, antolatu, pentsatu, landu, ekin, borrokatu... oso garrantzitsuak dira, eta baita, bidean, elkarrekin ondo pasatzeko tarteak hartzea ere".
 
Domekan, sare feministako kideek eskuz margotutako harriak kolokatuko dituzte Santa Ana antzoki pareko lorategietan.
Ez dituzte edonola jarriko. "Espiral moduko bat sortuko dugu, mugimendua irudikatuz, eta, tartean Martxoaren 8rako loratuta egongo diren tulipanen bulbak landatuko ditugu. Herritarren artean ere banatuko ditugu tuberkuluak plazako elkarretaratzean", dio sare feministako Maria Pilar Urteagak. Hiru mahai jarriko dituzte plazan, 13:00etan, eta bakoitzak bere landarea landatu ahal izango du loreontzian eta gero, etxera eraman ahal izango du eta zaindu, Martxoaren 8rako loratuta
egon dadin. Azaroaren 25a eta Martxoaren 8a lotuko dituen ekintza izango da hau.
 
Astelehenean, Nagore filma proiektatuko dute, Enpresagintza Fakultatean, 18:00etan, eta eguaztenean, berriz, Berdintasun Kontseilua osatzeko bilera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak