Bederatzigarrena izango den esperantzarekin

Maialen Regueiro 2018ko aza. 23a, 16:50

Aitor Ugarteren mutilek ez dute partidu bakarra ere galdu denboraldia hasi zenetik. Bihar, sailkapenean bigarren postuan dagoen Donosti Dolphinsen bisita jasoko dute Zubikoan, 18:00etan. 

Taldea gogotsu dago

Ugarteren mutilak gogotsu daude biharko norgehiagokari beira. "Jokalariak kontziente dira biharko garaipenak duen garrantziaz, eta jokatzeko gogotsu eta ilusioz daude". Zubikoan jokatzearen garrantzia ere azpimarratu du Ugartek: "Bigarrenaren aurka etxean jokatzea motibazio gehigarri bat da". Etxean partidu onak egin dituzte orain arte eta biharkoa ere maila berekoa izatea espero du Ugartek. "Kantxara gerturatzen diren zaleek saskibaloia ulertzen dute eta partiduaren momentu garrantzitsuenetan animoak jasotzea asko eskertzen dugu". 

Bolada ona

Ugartek adierazi duenez, aurreko denboraldia hasi zenean, emaitza onak lortzea kostatu egin zitzaien, nahiz eta partiduak jokatu ahala hobera egin zuten. "Aurten, aldiz, hasieratik hasi gara partidu onak jokatzen eta indartsu egoten". Mekalki Aloña Mendikoek jokatu dituzten azkenengo bi partiduak ez dira hain onak izan, baina Ugartek adierazi du taldea hazi egin dela. Are gehiago, kategoriatik gorago edo beherago, ez dago horrelako marka ona lortu duen talderik. Aurreko denboraldietan, gorabeherak izan ditu saskibaloi talde oñatiarrak, baina dagoeneko jokalari zein entrenatzaileek ondo ezagutzen dute elkar, urte batzuk daramatzate-eta elkarrekin lanean. Hala, biharkoa irabaziz gero, bederatzigarrena jarraian izango da Mekalki Aloña Mendiko mutilentzat. 

Aurkari gogorra biharkoa

Donosti Dolphins taldeak denboraldi onak egin izan ditu azken urteetan eta beti mantendu da goiko postuetan. Talde ona da eta jokalari onak ditu. Are gehiago, denboraldi batzuetan igoera fasea jokatzea lortu du, baina lortu ez duen kasuetan txapelketa hori jokatzeko lehian izan da. Hala, oñatiarrek ondo ezagutzen dute talde donostiarra, eta baita dituen jokalari garrantzitsuak ere. Ugartek hauxe adierazi du: "Beraiek jokatutako partiduko zati bat ikusteko aukera izan dut eta horrek kontuan izateko xehetasun batzuk eman dizkit". Biharko norgehiagokari begira, entrenatzaile oñatiarrak argi du bere mutilek partidu ona egin beharko dutela. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak