Ez dute kasualitatez utzi bibotea

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko aza. 21a, 09:28
Movember Oñati mugimenduarekin bat egin duten hiru oñatiar

Aurten ere egin du bat Oñatik Movember mugimenduarekin eta ohi baino gizonezko gehiago ikusten dira kalean bibotearekin. Herriko bizarginek doan txukuntzen dituzte biboteak eta taberna eta komertzioetan dauden itsulapikoetan batutako dirua barrabiletako minbiziaren ikerketarako izango da.

Duela lauzpabost urte hasi ziren Movember mugimendua ospatzen Oñatin eta harrez gero, urtero, azaroa heltzen denean, bibotea uzten dute gizonezko askok mugimenduarekin bat eginez. Aurten ere horrelaxe izan da. Taberna eta komertzioetan jarri dituzte itsulapikoak dirua batzeko eta sare bidez batutakoak ere barrabiletako minbiziaren ikerketarako bideratuko dute.

Jon Manuel oñatiarrak, esaterako, koxkor bat antzeman zuen barrabiletako batean duela sei urte eta medikuaren gomendioz ebakuntza egin eta barrabila kendu zioten. "Protesia jartzea erabaki nuen. Normaltasun osoz egin dut bizimodua ordutik hona", dio Manuelek. Mugimenduaren sorreran egon zen Aratz Losadak dio sentsibilizazio kanpainarako erabaki zutela bibotea uztea: "Ideia errotu dela uste dut. Aurten ere asko ikusi ditugu bibotearekin eta uste dut sentsibilizazioa zabaldu dela herrian". 

Afaria zapatuan

Oñatin ez ezik inguruko herrietan ere mugimendua zabaltzen hasi da eta hori pozez ikusi du Losadak: "garrantzitsua da bakoitzak bere aletxoa jartzea".

Ohitura dute azaroaren amaieran afaria egiteko eta aurten ere egingo dute; zapatuan izango da. 19:00etan Ongi tabernan elkartuko dira poteorako. 20:00etan talde argazkia aterako dute Foruen plazan eta 22:00etan Iturritxo jatetxean afalduko dute. Afarira joan gura duenak izena eman behar du aurrez Ongi tabernan eta Jon ile apaindegian. Gaur, asteazkena, da horretarako azken eguna.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak