Hamazazpigarrenez, Irizar eta haren Lagunartea pozik, mahaiaren bueltan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko aza. 17a, 20:56

Aspaldiko ohiturari eutsiz, Markel Irizar txirrindularia eta haren Lagunarteak bazkaria egin dute gaur, zapatua, Zotz tabernan. "Niretako egun berezia da, polita da familia, Oñatiko koadrila, eta orokorrean, lagun eta ezagunak elkarrekin ikustea. Beste behin eskertu gura diet ematen didaten babesa eta laguntza".

Lagunartearen azkeneko bazkaria ez da izango seguru, baina nolabaiteko mugarria izan daiteke; izan ere, oraindik erabakitzeke duen arren, txirrindulariak aurreratu du, aukera asko daudela aurtengoa, txirrindulari profesional moduan azkena izateko: "39 urte ditut eta gauza asko daude erabakitzeko; ekipoaren eta bion arteko erabakia izango da. Laster emango dugu horren berri, baina aukera asko daude 2019a txirrindulari profesional moduan azkena izateko. Abenduan dugu konzentrazioa eta han egingo dugu berba; azkeneko urtea bada, erabakiko dugu non eta zelan".

Hamar urte egin ditu Trek Segrafedo taldean eta "oso etxekoa sentitzen " dela azpimarratu du, eta horregatik, gurpil gainean ez bada ere, taldean jarraitzeko aukera eta gogoa duela: "Han geratzea ia segurua da. Zuzendari titulua ateratzen ari naiz, eta laster Suitzara joango naiz Zuzendaritza arloko ikasketa gehiago jasotzera. Nire bizitza beti txirrindularitzara lotuta izan da eta halaxe jarraitzea nahiko nuke. Egia da gero, gauza asko egin gura ditudala, eta familiarekin egotea, bereziki".

Girora begira

"Palmares aldetik onena izan ez bada ere, maitasun aldetik ikaragarri urte ona izan dela" dio, eta datorren urterako Giroa helburu nagusia, eta Euskal Herriko itzulian parte hartzeko aukera izatea.

Erlazionatuak

Markel Irizar Lagunartearen bazkariaren argazkiak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018 aza 17 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak