Maider Barrena: "Gizarte zerbitzuei buruzko informazioa emango dugu bulego honetan"

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko aza. 12a, 10:58
Maider Barrena

'Adinekoak eta familiak' zerbitzua zabaldu du Udalak, herritarrei gizarte zerbitzuetako baliabideei eta laguntzei buruz informatzeko. Udaletxeko sarreran dago bulegoa eta arratsaldetan egoten da zabalik.

Maider Barrena oñatiarra dago Adinekoak eta familiak zerbitzuaren bulegoan.

Zer eskaintzen du zerbitzu honek eta norendako da?
Herritar guztiei zuzenduriko zerbitzua da, eta, batez ere, 60 urtetik gorakoei. Doako informazio eta orientazio zerbitzua eskaintzen da, non herritar guztien eskura dauden baliabide ezberdinak aditzera ematea eskaintzen den. Hitzaldiak ere
antolatu ditugu.

Zein da helburua?
Dauden baliabide publikoei eta pribatuei buruzko informazioa herritar guztien eskura jarri nahi dugu, eta herritarrak mendekotasun egoera batera iritsi aurretik dauden baliabideen ezagutza eduki ahal izatea. Mendekotasun egoeran daudenendako eta senideendako da zerbitzu hau. Beste helburu bat da zahartze osasuntsua sustatzea.

Zer-nolako informazioa jaso dezake herritarrak bulego honetan?
Telelaguntza zerbitzua zer den, zein baldintza bete behar diren eta nola egin eskaera; etxez etxeko zerbitzuari buruzko informazioa; su detektagailu aparatua jartzeko zer egin behar den eta zein diren baldintzak; laguntza teknikoak nola eskuratu –gurpil aulkia, etxeko egokitzapenak nola egin...–; prestazio ekonomikoei buruzko informazioa; egoitza eta eguneko zentroari buruzko informazioa; Sendian programa zer den eta zertan lagundu gaitzakeen....

Behar duen laguntza lortzen ere laguntzen diozue herritarrari?
Bai. Askotan, ez dugu jakiten nora jo eta zer-nolako eginbeharrak dauden. Kasu askotan, zerbitzu baten eskaera egin eta honen erantzuna iritsi arteko denbora luzea izaten da, eta denboraz hartu beharreko kontuak direla jakin behar dugu denok. Bulegoan eskaera horiek nola egin, zein dokumentazio behar den ezagutu eta zenbat denborako bideratze lana izango den azaldu ahal izango da.

Non dago bulegoa eta noiz egoten da zabalik? Zer ordutegi du?
Udaletxeko sarreran dago bulegoa, sartu eta ezkerretara. Astelehenetik egubakoitzera dago zabalik, 17:00etatik 20:00etara.

Aurrez hartu behar da txanda?
Komeni da, bai. Horretarako bideak dira: 943 78 04 11 zenbakira deituta edo mezua bidalita hona: adinekoaketafamiliak@gmail.com; edo bertara etorrita.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak