Elkartasun katiluak ekarri ditu Hotz Oñatik

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko aza. 8a, 09:43
Eskuz egindako katiluak dira
Greziako haur errefuxiatuek margotutako zeramikazko ontziak hamar eurotan salduko ditu Hotz Oñatik, urtarrilera bitartean, eta jasotako dirua Atenasen lanean diharduen elkarte batendako eta itsas salbamenduetan ari den beste batendako izango da.
Grezian dauden haur errefuxiatuek egindako marrazkiak dituzten katiluak salduko ditu Hotz Oñatik, eta diru hori bi proiektu hauetara bideratuko du: Salvamento Maritimo Humanitario-ren Maydayterraneo proiekturako eta SOS Refugiados elkarteak Atenasko Victoria Social Center-en egiten duen lanerako.

Ipuinen marrazkiak dira

Duela hilabete batzuk Arriondasen (Asturias) jarritako egitasmo baten jarraipena da. Zeramika lantzen zuen artisau batek hango institutuko irakasle batekin martxan jarri zuen proiektua. Ikasleek ipuinak idatzi eta ingelesera itzuli ostean, audio bidez Atenasen (Grezia), Squad City Plazan eta Victoria Social Center-en zeuden haur errefuxiatuei bidali zizkieten, eta haur haiek ipuinei buruzko marrazkiak egin zituzten. Greziako umeek egindako marrazkiekin katiluak egiten hasi ziren, eta horien salmentarekin ateratako dirua egitasmo solidario batera bideratzen.

Azokako postuan

Egun, Asturiasen ez ezik, Toledon eta Aragoin ere egiten dituzte horrelako elkartasun katiluak, eta horiexek ekarriko ditu Hotz Oñatik herrira. Elkarteak azokan izaten duen postuan eta Gabonetako azokan egongo dira salgai, hamar eurotan. Herriko lantegi, eskola eta zerbitzu ezberdinetan informazio kartelak eta eskaera orriak jarriko dituzte eta zerrendak bete ahala banaketa egingo dute.
 
Azaroan hasiko dira eskaerak jasotzen eta urtarrilera bitartean gauzatuko da elkartasunezko katiluen egitasmoa.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak