Futbola, integraziorako erreminta bat gehiago

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 31a, 16:23
Larraña taldeko jokalarietako batzuk, Larrañako futbol zelaian. Erdian, entrenatzaile lanak egingo dituzten Guerreiro eta Azurmendi.

Oñatiko harrera zentrora iritsitako asilo eskatzaileek taldea osatu dute Herriko Futbol Txapelketan aritzeko; "oso eskertuta" azaldu dira jokatzeko aukera izateagatik, eta txapelketa hasteko "gogotsu" daudela diote; azaroaren 10ean dute lehen partidua, Shatoken Moüra taldearen aurka.

Txapelketako batzordearen ideia izan zen, eta udalari egin zion proposamena. Honek begi onez ikusi zuen eta, egun gutxiren buruan, taldea txapelketan sartu dute, Larraña izenarekin.

Zentroko egoiliarra den Zakariyaou kamerundarrak taldeko kideen izenean egin du berba, eta azaldu du "oso eskertuta" daudela jokatzeko aukera izateagatik. "Futbolean jokatzeko aukera izateaz gain, herrian integratzen lagunduko digu honek, eta espero dugu lagun berriak egitea", adierazi du.

Oraindik zehazteke duten arren, 22 jokalari inguruk osatuko dute taldea, eta txapelketa hasteko "gogotsu" daudela azpimarratu du Zakariyaouk.

Entrenatzaile, bi oñatiar

Kontuan hartu behar da egoiliarretako batzuek ez dutela inoiz futbolean jokatu, eta, horretan laguntzeko asmotan, Beñat Guerreiro eta Haritz Azurmendi oñatiarrak entrenatzaile izateko boluntario agertu dira. "Hotz Oñatiko kideek egin ziguten proposamena, eta gustura onartu dugu", dio Azurmendik. Astelehenetan eta eguaztenetan egingo dituzte entrenamenduak.

Futboleko arropa behar dute Aloña Mendiko ekipamenduarekin jokatuko dituzte partiduak, baina, Azurmendik jakinarazi duenez, negura begira, futboleko arropa falta dute. "Kirola egiteko jertseak, kamisetak, prakak eta futboleko botak behar dituzte. Beraz, edozein laguntza ongietorria izango da", dio.

Pazientzia

Txapelketako parte-hartzaileei pazientzia eskatu die taldeko arduradunak: “Haiek ere elkar ezagutzen ari dira oraindik, eta agian hasieran haserrealdiren bat edo beste edukiko dituzte, baina errealitate zail batetik datoz, eta ulertu egin behar diegu, gauzak errazten saiatu”.

Harrerarekin, "hunkituta"

Aukera baliatuta, zentroko egoiliarrek herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete, egindako harreragatik: "Harrera beroa eta benetan hunkigarria izan zen". Era berean, Oñatin oso gustura daudela nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak