Ikusmina piztu du 'Lope'-ren itzulerak

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko urr. 28a, 18:44
Filmako egile eta aktoreetako batzuk ikus-entzuleei eskerrak ematen

Oñatiko LPM taldeak ekoiztutako Lope filmak ikusmina piztu du herritarren artean. Jende ilara luzea egin da sarrerak hartzeko. Lantalde osoari zorionak emanez atera dira herritarrak lehen saiotik.

Bi hilabete gelditzen dira udal hauteskundeak izateko Lope Oñatira itzultzen denean. XVI. mendeko armadura Venezuelan utzi eta galtza bakeroak, Escorbuto a las elecciones jartzen duen niki zuri bat, bota marroiak, kaskoa eta arma zuria zein suzkoa soinean dituela bueltatzen da Oñatira. Dagoeneko eraikita ikusten duen unibertsitate ondoko autobus geltokira iristen da, erren, Maite ditut nire bazterrak kantuaren doinua entzuten dela.

Marañoiekin Oñatiko alkatetza hartu eta herriaren independentzia lortzea du helburu. Eta horretan saiatzen da. Lope Oñatiko alkate. Benetan gertatu da edo ametsa izan da?

Parte-hartzaileek elkarrekin ikusi zuten gaztetxean

Ia 100 bat herritarrek hartu du parte filma honetan modu batera edo bestera eta zapatu gauean ikusi zuten emaitza denek elkarrekin gaztetxean. "Gehienek ezagutzen zuten pelikularen zatiren bat, bakoitzak tokatu zaiona, baina filma osoa zapatuan ikusi genuen danok batera. Konplizitate handia egon zen, barreak, norberaren burua hor ikustearen harridura aurpegiak... oso ondo pasa genuen, bai", adierazi du gaur arratsaldean zuzendariak, Anjel Lerak. Eta gaineratu: "Gaurko emanaldiak ezberdinak dira. Jendeak izenburua ezagutzen du bakarrik eta ez dakigu zer espero duen".

2012kko Oñatiko Toberan ere Lope-rena egin zuen oñatiarrarendako "arraroa" izan da bere burua pantaila hain handian ikustea: "Orain arte egindako lanak hiru minutu inguruko film laburrak izan dira eta hau ez da horrelakoa. Baina emaitzarekin oso gustura nago. Oso ondo ibili gara hau grabatzen eta muntatzen ibili garenean eta gustura nago, bai", adierazi du Ibai Elortzak arratsaldean. "Guk eskerrak eman gura dizkiegu modu batera edo bestera produktu honetan parte hartu duten herritarrei", gaineratu du Andoni Galdosek, Elortzak eta Lerak esandakoarekin bat egiten dutela.

Eta filma ikusi duten herritar asko ere gustura atera dira 17:00etako emanalditik; baita, seguru, Lope de Agirreri buruz gehiago jakinda ere. Borondatea ere bota dute saskira, egindako lana eskertzeko eta horrelako filma gehiago ikusteko gogoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak