Ostalaritzan arituko diren establezimenduak arautuko dituen ordenantza berriaren aurka dagoela esan zuen EAJk atzo egindako urriko osoko bilkuran eta aurreko osoko bilkuretan emandako arrazoiak eman zituen hori esateko: tartean, "aurrerantzean ere herritarrak izango direla salaketa jarri behar dutenak", "sistema automatizatua jartzea posible" dela eta "tabernarien aurka jarritako salaketa batzuk zigortu diren arren, beste batzuk ez dira tramitatu ere egin eta tramitatu direnen artean batekin behintzat, maiatzak 18tik, ez da ezer egin". Udal Gobernuko kideek ez zuten erantzunik eman eta euren aldeko botoekin onartu zen ordenantza.
San Martin egoitza eta eguneko zentroaren kudeaketa Foru Aldundiaren esku uzteko hitzarmena aho batez onartu zen. Urtarriletik aurrera Aldundiak kudeatuko ditu zerbitzu bi horiek.
Gai zerrendatik kanpo, presoen aferari begira Estrasburgok astean hartutako erabakia ez dutela ondo ikusten adierazi zuten bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, "berri txarra" izan dela gehituta. Elkartasuna adierazi zieten presoei eta euren senideei.