Egingo dituen proiektuen berri eman du Oñatiko Udal Gobernuak

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko urr. 24a, 13:16

Udal Gobernuko kideak atzo egindako agerraldian

Agintaldia bukatu aurretik egingo dituen proiektuen artean daude, esaterako, Bezeroen Arreta Zerbitzua zabaltzea, Etxaluzeko obrak egitea edo kulturako ekintzetako sarreren aurre salmenta zerbitzua jartzea. Egindako lanen errepasoa ere egin zuten atzo Udal Gobernuko kideek prentsaren aurrean.

Agintaldiaren azken laurdenean sartuta, orain arte egindako proiektuen errepasoa eta egin asmo dituenen aipamenak egin zituen Udal Gobernuak atzo. Horien artean dago, esaterako, Bezeroen Arreta Zerbitzua zabaltzea. Dagoeneko prozedura  landuta dute eta abenduan hasiko dituzte lanak.

Azaroan

Udaletxearen atzeko aldean dagoen atetik sartuko da Bezeroen Arreta Zerbitzura. "Hiru langile egongo dira han eta euren bitartez egingo ditu herritarrak udaletxearekin egitekoak dituen tramite guztiak. Aurretik lan handia egin da prozedura mailan eta udaleko zerbitzu guztiak batzen. Administrazio elektronikoarekin egongo da lotuta eta bide telematikoak erabiliko dira hainbat eskaera tramitatzeko. Errolda agiria, esaterako, bulego horretan egongo den makina baten bitartez atera ahal izango du herritarrak. Telefono zenbaki berri batzuk ere jarriko dira herritarrek erabiltzeko", zehaztu du Mikel Biain alkateak. Gaineratu du abenduan hasiko dituztela bulego hori egiteko obrak eta asmoa dela Aste Santurako zabalik egotea.

Azaroan egingo diren beste bi ekintzen berri ere eman zuten martitzenean Udal Gobernuko kideek. Kultur arloko sarreren aurre salmenta zerbitzua, adibidez, Nerea Zubia kultura zinegotziak aurreratu zuen moduan: "Udaltzainen eraikinean jarriko dugu makina. Zinemarako eta gaztelekuko ekitaldietarako sarrerak erosi ahal izango dira hasieran. Makina horrek, baina, ez du leihatila ordezkatuko. Hor, internet bidez, Txokolateixian eta leihatilan erosi ahal izango dira gero sarrerak". Azaroaren 25aren bueltan, indarkeriaren aurkako protokola aurkeztuko dute.

Kiroldegiko proiektua idazten azaroan amaituko dute eta Etxaluzeko obrak bi aste barru hasiko. Zazpibidieta bidegurutzean ere laster jarriko dute semaforo bat. "Egungo hesiak egiten duten lana egingo dute semaforoek. Gorri egongo da pasa ezin denean eta laranja zabalik dagoenean", esan du mugikortasun zinegotziak, Irati Etxeberriak. Urgain Errekaldeko sotoa ere azaroan zabalduko dute.

Jarraipena

Hurretik egitasmoak, Eskola Bidea proiektuak edo Plan Orokorra egiteko asmoak, esaterako, jarraipena izango dutela ere adierazi zuten eta alkateak eskerrak eman zien zinegotziei, herritarrei eta herri eragileei "lana egiten laguntzeagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak