Hamaika ordu eta erdi pasatxo behar izan ditu Garai oñatiarrak lasterketaren 101 kilometroak betetzeko. Irabazlea Juan Dominguezek baino sei minutu gehiago, eta Julen Martinez de Estibarisengatik minutu eskas batera. "Hirugarren postua oso ona da niretzat. Faborito biek ez dute hutsik egin, eta eurengandik horren gertu egoteak, asko pozten nau", esan du Garaik.
Murgian hasi eta Araian bukatzen den lasterketan, 101 kilometroak ahalik eta ondoen egite aldera, etxekoen laguntza ezinbestekoa da. "Etxekoak niri begira egon dira gau osoan. Emaztea, gurasoak, anaia... Edatekoarekin batzuk, eta animoak ematen besteak. Euren laguntza ezinbestekoa da halako proba baterako. Aurreko prestakuntzarako, eta lasterketa egunerako".
Lainoa gogorrena
Fisikoki gustura ibili da Garai, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri batzen dituen mendi lasterketan. Tenperatura ona izan dute, eta euri barik, baina behe-lainoarekin. Mendian ibiltzeko, lagun txarra. "Laino trinkoa egon da. Ez genuen metro batera ikusten. Erorketa asko egon dira. Ni neu ere laupabost aldiz erori naiz, ez nuelako bidea ondo ikusten. Horrek egin du arriskutsuago eta zailago lasterketa".
Hurrengo egunetan, zer?
101 kilometro egin ondoren, gorputza nola indarberritzen den aipatu du: "Egun baten, kirolik ez egiten ahalegintzen naiz. Ostean, bizikletarekin ibili edo igeriketa egiten dut. Ez da mota honetako lehen lasterketa niretzat, eta gorputza ohituago dago. Lehenengoa egin nuenean, minaz gain, gorputzari ez nion buelta eman hilabete pasa arte. Orain, samurragoa da".