Ondo borrokatutako garaipena lortu du Fagor Industrial Aloña Mendik (29-23)

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko urr. 13a, 20:44

Basauri aurrenekoz gainditzea lortu du Oñatiko taldeak partida orekatu eta lehiatuan. Lehenengo zatian, Aloña Mendi bikain aritu da defentsan, eta bigarrenean, bizkaitarrak aurretik jarri direnean markagailuan, erreakzioa aparta izan da.

Zubikoa lepo bete da beste behin Aloña Mendiren eta Basauriren arteko norgehiagoka jarraitzeko. Bizkaitarrak bolada txarrean etorri dira Oñatira, eta etxekoek momentu gozoan daudela erakutsi dute 29-23ko garaipena eskuratuta.

Lehenengo zatian indarrak oso parekatuta egon dira kantxan. Basaurik atezainaren aldaketarekin jokatu du erasoan, baina Fagor Industrialek ederki erreakzionatu du defentsan ondo eta sendo jokatuz. 9-7 markagailuan aurretik jarri dira etxekoak, baina atsedenaldira 12-11koarekin joan dira, Basaurik gogor estutu duelako erasoan eta baloiak sareetara bidali ditzutelako.

Bigarren zatia hasi bezain laster argia joan egin da kiroldegian, eta jokoa geldituta egon da minutu batzuetan. Badirudi geldiuneak ez diola Oñatiko taldeari mesederik egin, izan ere, Bizkaiko taldearen erreakzioa etorri baita jarraian. 15-18koa jarri du Basaurik, baina bukaerarako ia 10 minutu falta zirelarik txantxikuen erreakzioa etorri da. Defentsan oso ondo aritu dira eta erasoan azkar eta punteria finarekin (19-18). Horrela, neurketako azken minutuetan bikain aritu dira etxekoak (23-19), eta azken markagailua 29-23koa izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak