Epeak zehazteko daude oraindik, baina gutxi gorabehera elkarte merkantila urtebeteko epean desegitea eta likidatzea aurreikusten du Oñatiko Udalak. Horrela, elkarte merkantil horrek "berez sortzen zituen gastuak aurreztea" aurreikusten dute. Izan ere, 2004an Arrikrutzeko kobaren irekierarekin sortu zenetik, "Oñatiko Garapen eta Turismo Agentzia enpresa defizitarioa" izan dela azaldu zuen Mikel Biain alkateak.
Zerbitzuak ez direla desagertuko eta Udalak Arrikrutzeko eta turismo bulegoko zerbitzuak eskaintzen jarraituko duela, azpimarratu du gainera Mikel Biain alkateak. Oñatiko Garapen eta Turismo Agentzia enpresako zerbitzuak eta lanpostuak subrogatu egingo ditu horrela Udalak.