Daudenetan mantenduko dira udal zerga gehienak datorren urtean

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko urr. 5a, 16:54
Urriaren 4an egin zuten iraileko osoko bilkura

Datorren urteko zerga ordenantzak onartu ditu Oñatiko udalbatzak atzo egindako osoko bilkuran. Zerga izoztea izan da irizpide nagusia eta hainbat zerbitzuen tasak ez dira igoko datorren urtean. Baina badira aldaketa txiki batzuk: obrak egiteko minimoak aldatu egin dira eta katastroaren zerga, Aldundiaren ardurakoa dena, %1,5 igoko da.

EH Bilduren aldeko botoekin onartu ziren datorren urteko zerga ordenantzak. Oposizioa, EAJ, abstenitu egin zen. Bozeramaileak, Lourdes Idoiagak, azaldu zuen moduan, eurak proposatutako hobari batzuk onartu eta aplikatuko dira 2019an, adibidez: herriko merkatariek egiten dituzten obretan edo negozio berria martxan jartzeko egin behar diren lanetan hobaria %95ekoa izatea, gune historikoetako fatxadak berritzeko hobaria %75 izatea, zarata maila handia dagoen guneetan leihoak aldatzeko laguntza gehitzea edo Zubikoa kiroldegian, kuotan izan ezik ikastaroetan ere hobaria aplikatzea. Aldiz, abonu familiarrean, seme-alaben gehienezko adina 21etik 23ra igotzea proposatu zuten baina hori ez du onartu EH Bilduk, kiroldegian datorren urtean hasiko dituzten obrak direla-eta tasak berrikusi egin beharko dituztelako eta ez dutelako zentzuzkoa ikusten orain aldaketa bat egitea eta hilabete gutxira beste bat egitea; obrak bukatuta daudenean aztertuko dute adina igoko duten edo ez.

Pinuetako gaitzaren aurrean, EAJk proposatu du 15 urte baino gehiago eta gaixorik dauden pinudietako jabeek tasa ez ordaintzea, zuhaitz horien gaixotasunak kalteak eragingo dietelako baserritar edo jabe horiei. EH Bilduk, baina, ez du hori hain argi ikusten.

 

Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen truke herritarrek ordaindu beharreko tasak dira zerga hauek, urtez urte, lantzen eta onartzen direnak. Atzo onartutakoak 2019an aplikatuko dira eta urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Herritarrendako arreta zerbitzua

Ostalaritzako jarduerak arautuko dituen ordenantza behin betiko onartzea zen atzo eztabaidatu beharreko beste puntu bat baina mahai gainean gelditu zen berriro batzordean lantzeko.

Herritarrendako arreta zerbitzuaren ordenantza eta udaleko etxez etxeko zerbitzuarena, biak onartu zituzten aho batez. Baita Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentzia enpresaren deuseztatzea ere. Enpresa horrek galerak ditu sorreratik, 20014tik, eta likidatzea erabaki dute; zerbitzua udalak emango du.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak