Ikasturte hasieran margo lehiaketa eta erakusketa egiteko ohitura du Oñatiko Margo Taldeak eta aurten ere horrelaxe izan da. Irailaren 23an egin zuten ageriko pintura lehiaketa, eta orain, erakusketa dute zabalik kultura etxean. Lehiaketan aurkeztu zituzten lanak ez ezik, Oñatiko Margo Taldeko margolariek egindako pinturak ere badaude.
Aldaketa
Guztira, 60 pintura inguru daude erakusketa horretan. "Pintura lehiaketara aurkeztu ziren lanak gelaren sarreran daude jarrita, nagusienenak zein gazteenak, eta gureak dira barrurago eskegita daudenak", azaldu du Oñatiko Margo Taldeko kide Bixente Elgerok.
Nagusien kategorian, hamalau lan aurkeztu zituzten kalean egindako pintura lehiaketan eta umeen kategorian, lau. Gazte gehiago aurkezteko ahalegin berezia egiten dutela dio Elgerok, eta horretan jarraituko dutela. Helburu horrekin, datorren urtean aldaketak egingo dituzte; agian, iraileko pintura lehiaketan. "Gaztetxo asko daude margo ikastaroan, baina lehiaketara ez dira asko aurkezten. Bergaran, adibidez, bi egun ezberdinetan egiten dituzte lehiaketak, nagusien kategoriakoa egun baten eta umeena beste baten, eta hemen baino ume gehiagok ematen dute izena. Oihala erabili beharrean kartoiaren antzeko euskarri baten gainean margotzen dute eta erabiltzen dituzten margoak ere ezberdinak dira. Agian, probatu egin beharko genuke modu horretara edo beste batera egiten lehiaketa. Ez dakit hurrengo urtean izango den edo ez, baina egia da zer egin pentsatzen ari garela", azaldu du Elgerok. Eta gaineratu
du: "Argi duguna da lehiaketa honi eutsi egin behar diogula. Hamaseigarrena izan da aurtengoa eta garbi ikusten dugu urtero egin behar dela, taldearen eta Udalaren laguntzarekin".
Ikastaroa
Udalak antolatzen duen pintura ikastaroan egindako koadroak jartzen dituzte ikusgai Oñatiko margolariek. "Bina ekarri ditugu. Nire lanetan, adibidez, baten Urbia ikusten da eta bestean Foruen plaza. Tokiei argazkia atera, argazki hori handitu, eskalan jarri, eta hori aurrean dugula egiten dugu koadroa. Ikastaroko orduetan margotzen dugu. Lehiaketakoak, berriz, ordu gutxitan egindako lanak izaten dira", dio oñatiarrak.
Urriaren 21a bitartean egongo da erakusketa zabalik kultura etxean, 18:00etatik 20:00etara.