Zapatuetan egiten den berdura azoka biziberritzeko beharra ikusi dute bertan egoten diren saltzaileek. Udalari horren berri eman eta bilerak egiten hasi ziren. "Azokan egoten diren ekoizle oñatiarrekin badugu harremana. Urte hasieran hasi ginen azoka indartzeko egitasmoa lantzen", dio Irati Etxeberria zinegotziak.
Irudia
Zapatuetako azokak logo koloretsu bat izango du aurrerantzean eta izena ere beste bat izango da: berdura plazia. Lehengo izena berreskuratu gura izan dute. Logo berriaz gain, tarteka kultur ekintzak egingo dituztela ere adostu dute eta baita zozketak ere. "Erosketa poltsen barruan sartzeko beste poltsa txiki batzuk oparituko dira bezeroen artean; irudi berria izango dute poltsa horiek. Eta zozketatuko dena erosketa orga bat izango da", zehaztu du Etxeberriak. Datozen astetan hasiko dira zozketak egiten.
Azokara joaten diren erabiltzaileen artean inkesta bat ere egingo dute.