Lehen aldiz datoz Funbox Factory taldeko lagunak Oñatira, erakustaldi erakargarria egiteko asmoz. "Uda honetan ikuskizun asko egin ditugu. Horrenbestez, ondo entrenatuta gatoz Oñatira. Erakustaldi polita izango da, edonori gustatzeko modukoa", dio taldeko Martxel Arribillagak.
Saltoak
Sei lagun etorriko dira irailaren 28an, egubakoitzean, Oñatira eta Foruen plazan egingo dute ikuskizuna, 18:00etan, txantxikuaren jaitsieraren aurretik. "Gutariko bost bizikletarekin ibiliko gara eta seigarrenak
speaker lanak egingo ditu. Musika ere jarriko dugu, giroa berotzeko... Ikuskizun borobila ematea da gure asmoa", dio Arribillagak.
Erakustaldia Foruen plazan izango da eta espazio zabal hori eurendako oso aproposa dela dio Arribillagak. Bi modalitate desberdinetan jardungo dutela adierazi du: "Batetik, egingo ditugu trialsin probetan egiten dituzten moduko saioak. Hau da, oztopoak, trabak, jarriko ditugu plazan eta horiek bizikletarekin gainditzea izango da gure lana. Bestetik, Dirt Jump izeneko modalitatea ere egingo dugu. Bizikletarekin txilinbueltak eta akrobaziak egitea da hori. Horretarako, arrapala handi bat jarriko dugu plazan. Jendearen gainetik ere pasako gara. Erakustaldia ikustera doazen herritarren laguntza beharko dugu horretarako.
Boluntarioak eskatuko ditugu, lurrean etzan daitezen, gu gainetik pasatzeko".
Bikoitza
Duela sei urtetik hona ari dira Funbox Factory taldeko gazteak horrelako erakustaldiak egiten. Duela hiru urte, inbertsio handia egin zuten entrenamenduetarako zirkuitu profesional bat egiten, eta han sartzen dituzten orduek fruituak eman dizkiete: aurtengo udan, hiruzpalau hilabetetan, joan den urteko ikuskizun kopuru bikoitza baino gehiago egin dituzte. Oñatikoa ez galtzeko mezua bidali du Arribillagak.