Aisialdiko begirale titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroan izena eman daiteke oraindik

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ira. 25a, 16:02
Begirale ikastaroetako saio bat (Argazkia: urtxintxa.eus)

"Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea" titulua Eusko Jaurlaritzak homologatutakoa izango da. 2001 urtean jaiotako guztiek har dezakete parte eta praktikak egiteko urtebete izango dute. Eskaintza herritarren eskaerei erantzuteko egokitu dute eta izena emateko azken eguna irailak 28 da.

Irailaren 28ra arteko epea dago Oñatiko Udaleko Hezkuntza sailak antolatutako Aisialdiko Begirale Ikastaroan izena emateko. Aldaketak egin dituzte hasierako eskaintzan, egokitu egin dute ikastaroa.

Hasierako planteamenduan egokitzapenak izan dira, herritarren eskaerei erantzuteko eta orain artean ikastaroa egin den formatuan eskaintza egitea erabaki da. Orain artean Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua eskaini izan da. Aurtengo berritasuna lehen aldiz Lanbideren ziurtagiri profesionala ere eskuratu zitekeela zen ikastaro bakarra eginda, baina bigarren
hau ez da azkenean eskainiko, ezartzen zituen mugak edo baldintza zorrotzak saihestuz modu honetan eta herritar gehiagori ikastaroa egiteko aukera emango zaiolako.

Aldaketa honek posible egingo du batetik 2001 urtean jaiotako guztiek ikastaroan parte hartu ahal izatea (lehen 2001 urteko maiatzera bitartean jaiotakoek bakarrik). Bestetik praktikak egiteko denbora epea luzatzen da, 160 orduko praktikak egiteko lau hilabeteko epe murritza ezartzen zuen Lanbidek, urtebeteko epea izango da orain, eta praktika horiek 2020ko iraila aurretik egin beharko dira.

Ikastaroak izango ditu 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko (2020ko Iraila aurretik egin behar dira). Memoria ere egin beharko da. Urriaren 27an hasiko da. Prezioa da 500 euro eta Oñatiko Udalak diruz lagunduko du (Langabetu edo ikasle direnei matrikularen % 75a eta gainontzekoei, matrikularen % 50. Horiek lortzeko baldintzak dira: Oñatin erroldatuta egotea, gehienez justifikaturiko 24 ordu gal daitezke eta eskolen aprobetxamendu ona edo titulua eskuratzea). Urtxintxa Aisialdi Eskolak emango du ikastaroa eta Udal webgunean eman behar da izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak