Gaueko jardueren ordutegiak direla eta, "hausnarketa" egitea eskatu dio EAJk EH Bilduren Udal Gobernuari

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ira. 24a, 16:22

Jeltzaleen esanetan, jaien egitarauan dauden gaueko hainbat ekitaldik ez dute bermatzen bizilagunen atsedenerako eskubidea herriko zenbait gunetan. Hori dela eta, EAJ-PNVk proposatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari hausnarketa egitea "gaueko jarduerez gozatzearen eta pertsonen atsedenerako eskubidearen arteko oreka" bilatze aldera.

Jaiei begira, EAJko udal taldeak gaueko jardueren ordutegiari buruzko hausnarketa egitea eskatu dio EH Bilduko Udal Gobernuari. Prentsa oharrean jaso duen moduan, "berriro azaleratu da oñatiar askok bizi duten ezinegona gaueko zaratak direla-eta. EAJ-PNVk publikoki zein EH Bilduren udal-gobernuari behin eta berriz adierazi bezala, oñatiar askok urteak daramatzate, bai asteburuetan, bai herriko jaietan, pairatzen gaueko zaraten inguruan sortutako gorabehera larria. Horri lotuta, gogoratu behar da joan den uztailean eztabaida galanta sortu zela herrian EH Bilduren udal-gobernuak aurkeztutako taberna ordenantzaren aurrean; hain zuzen, proposamen hori adostasunik gabe eta parte-hartze prozesurik egin gabe aurkeztu zen eta, horrenbestez, ez du inondik inora, zaratek kaltetuta bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen eta atsedenerako eskubidea bermatzen".

Oñatiko EAJ-PNVk esan du oso kezkatuta dagoela jaietako egitarauko hainbat ekitaldiren ordutegia dela eta: "Ez dugu partekatzen eta ez dugu ulertzen, eta halaxe adierazi dugu dagokion batzordean, nola baimendu dituen EH Bilduren gobernuak gaueko hainbat ekitaldi jai-egitarauan bata bestearen jarraian eta gutxieneko atsedenaldia kontuan hartu gabe; are gutxiago, ondo ezagututa zer gorabehera bizi izan duten herritarrek hainbat gunetan gaueko zaraten erruz".

Ekitaldi horien ordutegiak oñatiarren atsedena "oztopatzen" duela adierazi du EAJk. Eta gaineratu: "Ulertzen dugu jaiak guztionak direla eta guztiontzat, eta, malgutasunez jokatu behar den arren, uste dugu ezinbestekoa dela oreka bilatzea; izan ere, jaiekin gozatu behar da, baina, neurri berean, bermatu egin behar da atsedenerako eskubidea gauean. Bereziki zarata gehien jasaten duten gunetan".

Bukatzeko, EAJk "kezkaz" ikusten du "zer-nolako jai-eredua ari den zabaltzen herrian ordu txikietan antolatutako ekitaldi horiekin". Hauxe adierazi dute horren harira: "Herritarrei, gazte zein helduei, zuzenduriko gaueko aisialdiaren aldekoak gara, baina ezin da desorekarik sortu egunez jaiekin gozatzeko antolatu diren ekitaldiekin. Ildo horretan, EH Bilduren udal-gobernuri eskatzen diogu hausnarketa partekatua egitea gaueko jai-egitarauaren inguruan, etorkizunera begira, gaueko ordutegia doitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak