Gorka Judez: "Betirako izango ditudan lagunak egin ditut saskibaloian"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko ira. 21a, 09:32

Gorka Judez Zubikoako harmailetan. Argazkia: Mireia Bikuña.

Aloña Mendiko saskibaloi sailari eskaini dizkio 28 urte Judezek. Bizitakoaz gustura, agur esateko ordua iritsi zaio. Aurrerantzean, Zubikoako harmailetan izango da.

28 urteren ondoren, izugarrizko penarekin utziko duzu saskibaloia.

Bai, ez dut gezurrik esango. Erabakia gogorra izan da. Urtebete noa buruari bueltak ematen, eta orain nire asmoa esan dudanean, pisu bat kendu dudala esan daiteke, baina barruan zerbait berezia sentitzen dut. Zirrara berezi bat.

Zergatik orain?

Amaiera ipini behar delako. Urte asko dira eta hemen ibiltzeak konpromiso handia eskatzen du. Nik ikusi dut nire lan kontuengatik ehuneko ehuna ezin nuela eman, eta horregatik erabaki dut ezin dudala eskatu nik nire buruari eskatzen ez diodana. Azkeneko urteetan, Iñigo Zabaleta izan dut ondoan eta nolabaiteko eskualdatzea egin dugu.

Harmailetatik ikusiko duzu saskibaloia. Ezberdin ikusten da?

Bai, ezberdin ikusten da, eta, batez ere, samurrago ikusten da. Jokoak berak zailtasunak jartzen dizkizu; itsutu egiten zara. Hemen goitik tentsio barik zaudelako, edo angelu hobea duzulako, samurrago ikusten da.

Zer eman dizu saskibaloiak urte hauetan?

Adiskide mordoa. Giroa, jendea ezagutzeko aukera, lekuak ezagutzeko... Batez ere, Euskal Herri mailan ibili garenean adiskideak egiteko aukera izan dut, betirako lagunak izango ditut.

Urte onak bizi izan dituzu, baina baita garai txarrak ere.

Bai, momentu onetan denak polita eta samurra ematen du, baina hau ziklikoa izaten da eta momentu zailak ere badaude. Zaildu egiten zaituzte momentu horiek, eta gauzak beste modu batera egiteko balio dute.

Gauza onen artean, EBA ligan jokatzea dago.

Lorpen ikaragarria izen zen. Oñati moduko herri batean EBA mailan egoteak eta zilarrezko LEB mailara igotzeko aukera izateak ezinezkoa dirudi; opari moduan hartu nuen nik. Horren gorenean egoteaz asko disfrutatu nuen.

Oñatin saskibaloia ikustarazteko balio izan zuen garai hark.

Bai; ordura arte garaipen politak lortu izan genituen, baina ez zegoen erantzun sozialik herrian. Balio izan zuen oñatiarrak Zubikoara etorri eta harmailak beteta ikusteko.

Zer egingo duzu orain?

Aldaketa handia izango da eta kostako zait, baina eskertuko dut. Lasai egongo naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak