Beteranoek hamaikako futbolarekin jarraitzea erabaki dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko ira. 14a, 09:37

Beteranuak HFTk batzar berezia egin zuen eguaztenean, denboraldi berria zehazteko. Hamaikako futbolarekin jarraitu edo zazpiko futbolera pasatzea zen gakoa; berdinketa izan zen bozketan, eta orain artekoarekin jarraitzea lehenetsi dute.

Hamaikako futbolarekin jarraitu beharrean zazpiko futbolera pasatzea izan da hainbat talderen gogoa azken denboraldietan. Hala, aurten, Beteranuak HFTk gaia esku artean hartu eta denboraldi berriaren norabidea zehazteko bozketa egitea erabaki du. Eguaztenean egin zuten batzarra.

Bozketaren emaitza izan zen: hamaikako futbolarekin jarraitzearen alde bozkatu zuten Txuskos, Albok, Auschwitz, Sasquatch, Shatoken eta Tute taldeek; zazpikoaren alde egin zuten Dollyk, Zalapartak, Etxaixatek, Hangolak, Harripek eta Kalañak. Kili-kolok zuri bozkatu zuen –beteranoen txapelketa utziko dute azken horiek–. "Berdinketa honen aurrean, erabaki dugu gaur egun hamaikako futbola egiten denez, denboraldi berrian ere saiatzea hamaikako futbolarekin", azaldu du beteranoen batzordeko kide Iker Jimenezek.

Astebeteko epea

Hamaikako futbolaren alde egin duten sei taldeez gain, beste bi taldek ere esan dute izena emango dutela txapelketan. Gainontzeko taldeei astebeteko epea emango zaie baiezkoa edo ezezkoa emateko: "Euren artean elkartu edo jokalari berriak bilatzeko epea izango dute", dio Jimenezek. Hala, datorren astean jakingo dute zenbat taldek parte hartuko duten beteranoen txapelketan.Talde batzuek diote zaila egiten zaiela "hainbeste jokalari" bilatzea taldea osatzeko; beste batzuendako, "ordutegiak txarrak" dira. "Kontua da Ibarran ordutegi zehatz batzuk genituela guretako; Azkoagainen, berriz, Aloña Mendiko taldeen partiduen menpe gaude, eta azken ordura arte ez dugu jakiten gure ordutegia zein izango den", azaldu du Jimenezek.

Aldekoak eta kontrakoak

Txuskos taldeak, adibidez, 11koaren alde bozkatu du: "Momentu hauetan baditugu baliabideak Azkoagainen jokatzeko; jende asko dugu taldean, eta, 7koa eginez gero, hainbat jokalarik ezin izango lukete jokatu". Dolly, aldiz, 7koaren aldekoa da: "Jende faltan gaude; horregatik, gurago dugu 7ko futbola egitea Larrañan. Gainera, uste dugu beste talde batzuei ere zail egiten zaiela 11koa egiteko taldea osatzea eta hori dela arrazoi bat gero eta talde gutxiago egotearena txapelketan. 7koa egingo balitz talde gehiagok parte hartuko lukete". Albokek gurago du 11ko futbola: “Guri gustatzen zaiguna 11ko futbola delako. 7ko futbola probatu dugu behin baino gehiagotan San Miguel txapelketan eta ez da gure gustukoa”.

San Migel txapelketarik ez da egongo

Bestalde, San Migel jaietan egiten den 7ko futbol txapelketa aurten ez dutela egingo gaineratu du Jimenezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak