Egubakoitzean, tortilla patata txapelketarekin hasi zituzten Arantzazun auzoko jaiak, eta sei parte-hartzaileen artean, Azpilleta baserriko Maribel Herrerak eta Miel Arregik osatutako bikoteak egin zuen tortilla irabazlea. Mus txapelketa izan zen gero. Atzo, bestalde, 75 lagun inguru bildu ziren mahaiaren bueltan bazkaltzeko, eta bertsoekin eta dantzaldiarekin, gauera arte bazkaloste animatua izan zuten.
Jaiak borobiltzeko, auzoko Xabin Usandizaga eta Joseba Arregi euskal presoei omenaldia egin diete, eta haien senideek lore sorta jaso dute auzotarren partetik. Joseba Arregiren emazte Nekane Basaurik esker oneko hitzak izan ditu: "Barruan jasateko, beharrezkoak dituzte maitasuna eta elkartasuna". Mokadutxoa egiteko aukera izan dute auzotarrek omenaldiaren ostean.