Eguerdi parteko trikipoteoaren ostean, 80 lagun inguru batu dituen bazkariarekin ospatu dute gaur Oñatin Arrano Kultur Elkartearen 35. urteurrena. Gazteak eta ez hain gazteak, belaunaldi ezberdinetako kideak batu dira Kalebarrian, elkartearen kanpoan, jarri duten mahai luzearen bueltan. Behin bapo janda, bazkaloste animatua izan dute trikitilariekin, kantuekin eta bertsoekin.
Hazteko eta hobetzeko nahia
Gaur egun 160 bazkide inguru ditu elkarteak, eta 35. urteurrenera egoera onean heldu dela azaldu du egungo presidente Gaizka Galfarsorok: "160 bazkide gara egun, eta asmoa da hazten jarraitzea. Orain pare bat urte, gainera, taberna berritu genuen, eta jendearen erantzuna oso ona izan da, beste kolore bat hartu du. Gazteak ere badabiltza lanean, oso pozik gaude. Hobetzen jarraitu nahi dugu".