Kirolprobak.com atarian eman daiteke izena irailaren 8ra arte –hori barne–.
Irteera plazan izango da
07:30ean hasiko dute martxa, plazan. Esan bezala, irailaren 8ra arte egongo da aurrez izena emateko epea. Egunean bertan ere egongo da horretarako aukera, baina azken horiek ez dute ziurtatuta izango oparirik. Bi ibilbide mota antolatu dituzte: motza, 20 kilometrokoa; eta luzea, 29 kilometrokoa. Bi ibilbideak leku eta ordu berean hasiko dira. Ibilbide osoa ondo seinaleztatuta egongo da, eta hainbat anoa-postu egongo dira: postu horietan, jatekoa eta edatekoa egongo da. Parte hartzaileek derrigorrez pasa beharko dute postu horietatik.
Antolatzaileek nabarmendu dute "mendia zaindu" egin behar dela, eta "antolatzaileek eurek horretarako jarritako basura poltsak" erabili behar direla.
Aurreko mendietatik bueltan
"Oñatik aukera handiak" eskaintzen ditu, eta horiek aprobetxatu gura dituzte antolatzaileek. "Hasieratik esan genuen Oñatin eskaintza zabala zegoela eta gure asmoa horiek guztiak ezagutzera ematea zela", azaldu du Josu Lizarralde antolatzaileak. Hori horrela, orain arte egindako hiru martxetan ibilbide ezberdinak egin dituzte; eta aurtengoa ere ezberdina izango
da. Gainera, berrikuntza da aurreko mendietan barrena izango dela: "Aurreko mendietan ibiliko gara, eta Udana inguruan pasatuko gara beste aldera, Aloña aldera", dio Lizarraldek.
Izen-ematearen kostua
Izena emateko, 12 euro ordaindu beharko dute federatuek; eta federatu bakoek, 14 euro. Arropa jasotzeko zerbitzurik ez da egongo, eta, amaieran, Zubikoa kiroldegian dutxatzeko aukera egongo da. Informazio gehiago onati.mendimartxa@gmail.com helbidean eska daiteke.