Hauxe da EAJk gaur bidali duen prentsa oharra:
"Oñatiko EAJ-PNVk gobernu taldearen salaketak gaitzetsi ditu: guk ez dugu inolako alarmarik sortu, guk soilik EH Bilduk proposatutako ordenantzaren ondorioak azaleratu ditugu.
Eztabaida antzuak ekidite aldera, EAJ-PNVren udal taldeak ez die erantzuna eman ohi izan EH Bilduko udal gobernutik edo haren ingurutik argitaratzen diren kritikei. Dena den, tabernen ordenantzaren harira azken oharrean eginiko akusazio larriei erantzuna eman beharrean gaudela deritzogu.
EH Bilduk EAJ-PNVren udal taldearei egozten dio “baieztapen faltsu eta zehaztugabetasunetan oinarrituta herritarrengan nahasmena eta alarma” sortu izana. EAJ-PNVren udal taldeak, ordea, bere prentsa oharraren bitartez, gobernu taldeak joan den ekainaren 7ko hirigintza batzordean aurkeztutako ordenantza berria onartzeak (EH Bilduren gehiengo osoarekin) suposatuko luken atzerapena azaleratu eta jakinarazi die herritarrei. Jakinaraztea ez da alarma sortzea, ordenantza berriak izango dituen eraginen inguruan herritarrak eta bereziki Kale Zaharrean eta inguruan bizi diren bizilagunak informatu eta ohartaraztea baizik, modu horretara, euren burua defendatu ahal dezaten.
EAJ-PNVk berriro azpimarratu nahi du udal gobernuak ez duela aurretik prozesu parte hartzailerik abiarazi; zaratengatik kaltetuak diren pertsonak ez dute inolako informaziorik jaso eta, horrenbestez, ez dute EH Bilduren gobernuak proposatutako ordenantzaren edukia ezagutzen. EAJ-PNVri ez zaio zilegi iruditzen udal gobernuak, parte hartzearen eta elkarlanaren aldeko apustua aldarrikatzen duen gobernuak alegia, kasu honetan zaraten arazoa pairatzen duten pertsonak albo batera utzi izana. Eta hori gutxi balitz, ordenantza proposamena lantzeko garaian kontuan izan ez dituenean, orain, “ostalaritza jarduera erregulatuko duen ordenantzari proposamenak egiteko deia” egiten die, hori bai, soilik 15 eguneko epea emanez horiek udal webgunean aurkezteko. Zein ordenantzari egingo dizkiote ekarpenak, ordea, aurrez aldaketa proposamena aurkeztu ez bazaie eta ondorioz, testua ezagutzen ez badute?
Halaber, EH bilduren udal gobernua alderdi jeltzalearen aurkako eraso zuzenetan eta akusazio faltsuetan oinarritu da EAJ-PNVk argitaratutako argudiatzeari erantzuteko eta ez ditu, oraindik, euren ordenantza proposamenaren nondik-norakoak azaldu. Estrategia horren larritasuna azaltzeaz gain, aurreko oharrean egin bezala, gogorarazi nahi du, ordenantza proposamen horrek 1993ko kontrol sistemara atzera egitea suposatzen duela, ondorioz bizilagunak asteburuz asteburu Ertzaintzan salaketak jartzera behartuz, nahiz eta, gaur egun, badiren egoera eta babes ez hori ekiditeko sistema automatikoak. Pertsona kaltetuek bi legealdi daramatzate jada EH Bilduren udal gobernuaren erantzunaren zain, baina, horiei entzun baino, badirudi gobernu taldeak nahiago duela beste behin errealitatea ukatu eta oposizioa gogor kritikatu, inolako eraginik edota benetako arazoarekin zer ikusia ez duten ñabardurei erreparatzeko, gainera.
Hobe luke udal gobernuak bere indarrak pertsona kaltetuak entzun eta egungo arazoari erantzuna emango dion ordenantza proposamena lantzera bideratzea, bere kudeaketa txarra ezkutatzeko EAJ-PNV eraso, kaltetu eta errudunetsi ordez.
Gaueko zaratak pairatzen dituzten pertsona ugari bizi da Oñatin, asteburuz asteburu euren deskantsurako eskubidea urratuta ikusten duten oñatiar ugari, alegia, eta egoera horri irtenbidea ematea Udalari dagokio, kasu honetan, EH Bilduren gidaritzapean dagoen Udalari. Edonola ere, gobernuak beti izango du EAJ-PNVren laguntza arazoari erantzun egoki bezain eraginkorra emateko".