Azken lantxoak eginda, biharko egunera begira jarria da Kantoikrit bizikleta probako antolakuntza. Aurten ere, streaming bidez eskainiko dute lasterketa –kaleko gune ezberdinetan jarriko dituzten pantailetan eta Interneten egongo da ikusgai–. "Oraindik ezin dugu esteka iragarri, eguna iritsi arte ez baitugu jakingo. Hori bai, jakin bezain pronto jakinaraziko dugu sare sozialetan", argitu dute antolatzaileek. Zehatz esanda, harrizko galtzadako lasterketa zatia ikusaraziko dute streaming bidezko emisioan –San Anton kalean dago hori–.
Bestetik, izen-ematearen ingurukorik ere azaldu dute Kantoikritekoek. Eta, gaur-gaurkoz, esan dezakete izango dela oñatiarrik zirkuituan; hor dira Iñigo Mugarza, Mikel Olalde, Iñaki Madinabeitia, Mikel Roldan eta Xabier Barrena. Guztira, hogei lagunek dute izena emana.
Sariak
Ez dituzte edozelako sariak aukeratu irabazleentzat: garaikurra, 300 euro eta bertako produktuz osaturiko saskia eroango du irabazleak; eta garaikurra eta saskia irabaziko dute osteko bi sailkatuek. Gainera, lehen oñatiarrarendako ere badute saririk: saskia eroateaz aparte, Mauxka jatetxean afaltzeko aukera eskainiko diote hari. Eta, horretan geratu barik, antolatzaileek aintzat hartua dute lasterkarien estreinako bira. Izan ere, 100 euro emango dizkiote lehen buelta lehen postuan bukatzen duenari.
Betiko oinarriekin
Ohi bezala, herriko kaleetan ibiliko dira bizikleta lasterkariak. Hain zuzen ere, hamabost bider egin beharko dute zirkuitua, eta 24 kilometro egin beharko dituzte guztira. "Betiko oinarriekin dihardugu. %100 urbanoa den ibilbidean jardungo dute pinoi finkoko bizikletek, gauez. Horixe baita Kantoikrit", azaldu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, 22:00etan hasiko da lasterketa –21:30ean zabalduko dute zirkuitua–.
Gaur, kontzertua
Eta biharko egunera begira egon barik, kontzertua antolatu dute gaur arratsalderako. Haustura taldeak girotuko du Kantoikriten bezpera, Onako plazatxoan –21:00etan hasiko dute emanaldia–. Euria egingo balu, ostera, Ona tabernara lekualdatuko lukete kontzertua.