Hamar garagardo mota jarriko dituzte salgai: horietatik bat alkoholik gabekoa izango da –Buckler 0'0–, eta botilan salduko dute; horrez gain, azken urteetan egin izan duten moduan, Radler garagardoa ere egongo da; eta baita ura ere. Edan bai, baina jateko aukera ere egongo da: txerri-ukondoak jarriko dituzte; baita saltxitxak ere; eta txerrikirik gura ez duenak oilasko izterrak izango ditu aukeran. Menua osatzeko, postrea egongo da.
Lanean, elkarteko jendea
Aloña Mendi kirol elkarteko sailetako ordezkariak ibiltzen dira lanean ferian. Atzo, eguena, igeriketa sailekoak eta triatloi sailekoak ibili ziren; gaur, saskibaloikoak ibiliko dira; zapatu eguerdian, txirrindularitzakoak, atletismokoak eta gimnasiakoak eta iluntzean, eskubaloikoak; domeka eguerdian, txirrindularitzakoak eta pilotakoak eta iluntzean, futbolekoak eta karatekoak.
"Badago jendea lau egunetan lanean ibiltzen dena, eta asko eskertzen dugu hori; hemen ateak zabalik ditugu lan egin gura duen edonorendako", dio Anton Inzak, Aloña Mendiko presidenteak. Horrez gain, gaineratu du badaudela musu-truk lan egiten duten gremioak, eta baita lan ordutegitik kanpo lan egiten duten udal langileak ere. "Aloña Mendiren izenean laguntza eskatzen dugunean, Oñatiko herriak eskuzabal erantzuten du".
Feriako ordutegia
Gaur, egubakoitza, 19:00etan zabalduko dute karpa; eta zapatuan eta domekan 12:00etatik aurrera egongo da zabalik.Txartelen bitartez funtzionatuko du feriak: txartela erosi, eta garagardoa edo jana txartelaren truke aldatuko dute barran. Pitxerra ordaindu egin beharko da eta edan ondoren itzultzeko aukera egongo da: horretarako, barran eskatu behar da txartela, eta kanpoan txartelaren truke dirua itzuliko dute. "Aukera dago pitxerra lehenengo egunean hartu eta azkeneko egunean itzultzeko", dio Inzak.