Bederatzi proposamen aurkeztu dira Olaiturriko kirol espazioa estaltzeko proiektua egiteko eta horien artean MLMR Architecture Consultancy eta Garmendia Cordero arquitectos UTE-aren 22+2 HABE ideiak lortu du puntuazio altuena. Honenbestez, 102.000 (+BEZ) eurotan esleitu zaio proiektua eta ondorengo lanen zuzendaritza egitea. "Hau da hasierako ideia eta ideia hau oinarri hartuta egingo dituzte lanak. Aldaketak egon daitezke, baina proiektu honen gainean egindakoak izango dira", adierazi du Hirigintza zinegotziak, Irati Etxeberriak. Aldaketa horietako bat izan daiteke, adibidez, egungo aparkalekuen parean ibilgailuak uzteko beste plaza batzuk egitea, argazki nagusian ageri den berdegunearen tokian.
Estalduraren kontzeptua luzetara eraikitako hormigoizko bi habe handi eta zeharretara ezarritako egur laminatuzko 22 haberen arteko konbinazioa litzateke. Egurrezko habe horien artean polikarbonatozko panelak jarriko lirateke, argia iragazi eta euri-urak jasotzeko.
Udalak bidalitako txostenean agertzen den moduan, "helburua herrian erreferentziazko espazio berri bat sortzea da, non jolaserako, kirola egiteko, kultur ekitaldiak burutzeko edo eguneroko topagune izateko estalitako plaza bat izango den. Proposamenak aipatutako erabilerak egin ahal izateko espazioak eskainiko dituen aukera desberdinak ere azaltzen ditu".
Aforoari dagokionez, esaterako, 700 lagun sartuko lirateke, gehienez, herri bazkari batean; kontzertu batean, berriz: 1.200 lagun zutik eta 700 lagun eserita.
22+2 HABE proposamenak "Olaiturriko espazioa eta ondoko Ubao errekarekin lotura irudikatzen du. Honetarako, egungo harmailak eraitsi eta beste aldean jartzen ditu, plaza eta ibaiaren arteko oztopo fisikoak ezabatuz. Honela, espazio publiko zabal bat proposatzen da: jolas, kirol edo kultur ekintzetarako irekia, arrapala bidez guztiz irisgarria, eta bere inguru natural eta urbanoarekin bat egiten duena".
Proiektua esleituta dago eta lanen fasea etorriko da orain. Udalaren asmoa da lanak esleituta egotea urtea bukatu aurretik.