Kalean egitasmoa badoa pixkanaka aurrera, eta hurrengo kontzertua herritar batek eskainiko du, Juan Valls bakarlariak, hain zuzen. Haren esanetan, bi zati bereiziko dira emanaldian: akustikoa eta elektrikoa, alde "energiazkoa eta intimoagoa".
Txikitatik jotzen du gitarra Vallsek, eta 2011n hasi zen letrak idazten. Lau urte geroago, 2015ean, lehen diskoa kaleratu zuen, eta, ondoren, beste bi ere bai –bat streaming bidez, kopia fisikorik gabe–. Aste Santuan Eskozian egon zen eta han grabatu zuen orain arteko azken lana: La Chunky Sessions. Hark dio, baina, eguazteneko kontzertuan disko horretako kantu gutxi batzuk besterik ez duela eskainiko. "Ordutik hona, abesti batzuk konposatzen aritu naiz, eta horiek izango dira protagonista nagusiak", azaldu du.
Hala, herritarrak kontzertuaz gozatzera animatu nahi izan ditu. "Aukera polita da, desberdina. Lekua ere aproposa da erregistro musikal honetarako", dio. Era berean, Kalean egitasmoa goraipatu du: "Ekimen interesgarria da".