Filatelia erakusketa ireki du Zeka taldeak kultura etxean

Eneko Azurmendi 2018ko uzt. 5a, 15:55
Luis Maiztegi eta Javier Galarza, erakusketan.

Astelehena ezkero dago ikusgai, uztailaren 15era arte, astelehenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:00etara; Javier Galarzaren, Fernando Garciaren, Luis Maiztegiren eta Mikel Untzilla legazpiarraren zigilu bildumak batzen ditu erakusketak; bakoitzak gai bat lantzen du.

Zenbait urtez erakusketarik egin gabe egon ostean, pasa den urtean berreskuratu zuten egitasmoa Zeka filatelia taldekoek, eta aurten berriro zabaldu dute.

Lau pertsonaren artean osatu dute erakusketa, eta horietako bakoitzak gai baten inguruko bilduma landu du, taldeko kide Luis Maiztegik azaldu duenez: "Javier Galarzak perretxikoen gaineko bilduma prestatu du, Fernando Garciak hegaztien gainekoa, Mikel Untzilla gauza berezi bat egin du, konposizio artistikoak elkarren artean nahastuta, eta nik, azkenik, formak, siluetak eta gaur egungo inprimatze sistemak erabiliz egindako zigiluak egin ditut, hautsarekin, olio tantekin, haziekin, eta abarrekin. Izan ere, geroz eta forma desberdinagoak dituzten zigiluak daude, ohikoez gain".

Ehunka zigilu batzen ditu erakusketak. "45 panel daude, panel bakoitzean sei orri, eta orri bakoitzean hainbat zigilu".

Maiztegik azaldu du "geroz eta indar gutxiago" duen zaletasuna dela, "teknologia berrien ondorioz" zigiluak ez direla erabiltzen iritzita. Oñatin, 25 bat herritar daude filateliarekiko zaletasuna dutenak, baina zaletasun hori "nahiko partikularra" da, "etxekoa. Zigiluak banatzen ditugunean, gustura jasotzen dituzte, baina erakusketan ez dute parte hartzen. Beraz, lau bakarrik animatu gara".

Zaletasuna indarra galtzen joan arren, aurrerantzean erakusketa hau mantentzen saiatuko direla nabarmendu du Maiztegik, "Oñatiko edota bestelako gai interesgarriekin".

Aurten, adibidez, Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurrenaren zigilua eta postala atera dute, baita Arantzazuko Ama Birjinaren zigilu bat ere. Datorren astetik aurrera salgai egongo dira Turismo Bulegoan –ez daude erakusketan–.

Datorren urtean, berriz

Behin martxa hartuta, datorren urtean ere erakusketa egingo dutela aitortu du Maiztegik: "Dagoeneko hasi gara gai posibleak pentsatzen".

Milaka zigilu etxean

Etxea zigiluz beteta dauka Maiztegik, orotariko gaiak batzen dituzten bildumekin. "Britainia Handikoak, Alemaniakoak, Frantziakoak, Suitzakoak eta beste hainbat herrialdetako bildumak ditut. Orain perretxikoenak, txantxikuenak edota txirrindularitzakoak ere hasi naiz pilatzen, txukuntzen eta ordenatzen. Etxean ere geroz eta toki gutxiago dut horrelako bildumak gordetzeko, apal guztiak beteta ditut dagoeneko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak