Aimar Erostarbe: "Ibilbide egokia zen niretzat, eta irabaztera joan nintzen"

Eneko Azurmendi 2018ko uzt. 5a, 14:42
Aimar Erostarbe.

Zeberion (Bizkaia) jokatutako lasterketa irabazi zuen pasa den asteburuan Erostarbek, eta ondorioz, Euskadiko txapeldun berria da oñatiarra, kadete mailan. Bestalde, Espainiako Txapelketa jokatuko du asteburuan Ourensen (Galizia). Bihar, egubakoitza, erlojupekoa eta domekan errepideko lasterketa.

Duela bi aste Xabi Murgiondo, eta orain zu Euskadiko txapeldun.

Hala da. Ez dakit kasualitatea den, baina polita da bi oñatiar Euskadiko txapeldun irtetea.

Esperotako garaipena izan da?

Egia esan, bai. Irabazteko helburuarekin joan nintzen. Ibilbidea oso egokia zen niretzat, eta aprobetxatu egin nuen. Beraz, oso pozik nago.

Nolako ibilbidea zen?

60 kilometroko lasterketa izan zen, une oro errepide estuan. Hiru kilometroko mendatetxo bat zeukan, bi aldiz igo beharrekoa, eta gero, ordeka.

Nola bizi izan zenuen lasterketa?

Lehenengo mendatetxoan, hamabosgarren kilometroan, erritmo gogorra jarri genuen lasterketan, eta aurrean zazpi txirrindulari inguru gelditu ginen. Bigarren igoeran batek ihes egin zuen; hala ere, ordekan harrapatu egin genuen, eta talde txiki batean iritsi ginen hamar bat txirrindulari. Egia esan, nahiko erraz irabazi nuen.

Orain arte lortutako garaipenik garrantzitsuena da hau?

Zalantzarik gabe. Bat ez da egunero Euskadiko txapeldun izaten. Gainera, aita eta arreba egon ziren lasterketa ikusten, eta polita izan zen, hunkigarria.

Denboraldia zer moduz doa?

Hasieran, kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea, baina, azkenean, nahiko ondo. Beste bi lasterketa irabazi ditut eta zortzi podium lortu. Gustura nago.

Lesioek errespetatu egin zaituzte?

Erdiko atzamarra apurtu nuen eroriko batean, eta lasterketa pare bat ezin izan ditut lehiatu. Baina bestela, ondo. Asteburu honetan, Ourensen, Espainiako Txapelketa.

Horra ere irabaztera zoaz?

Espainian maila handia dago; disfrutatzera eta ikastera joango naiz. Aurrerago, agian, bai.

Lehen urtea duzu kadete mailan. Nabaritu duzu aldaketarik?

Bai, aldea handia da. Lasterketak luzeagoak eta gogorragoak dira; izan ere, azkarrago joaten zara lasterketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak