Aisialdi aukera gehiago gura ditu EAJk gazteendako

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko uzt. 4a, 11:14

Udaleku ireki ezberdinak eta kirol guneekin aisialdi gune berriak egitea dira jeltzaleek egiten dituzten proposamenetako bi.

Gazte eta nerabeendako "aisialdi gune gehiago, berriak eta bestelakoak" sortzea eskatu dio Oñatiko EAJk Udal Gobernuari.

Egindako proposamenetako batzuk dira, adibidez: 12-18 urte bitarteko gazteentzat udaleku ireki ezberdinak antolatzea (antzerki udalekuak, udaleku musikalak edota teknologikoak …) eta 14-20 urte bitartekoentzat tailer ezberdinak (sukaldaritza, karikatura, argazki urbanoa gauez,  parkour, skate); baita musika kontzertu ezberdinak. Uda sasoiari begira, aisialdi gune berria egitea proposatzen du EAJko udal taldeak: "Kirol aisialdi gune osatua: kanpoko igerilekuarekin, ur-jolasekin, adin ezberdinentzako ur-txorrotekin, erabilera anitzeko kirol-lekuekin, mahaiekin...".

Gaur egun Oñatin dauden haur eta gazteentzako eskaintzak balioan jarri dituzte jeltzaleek: "hor dago, esaterako, duela 25 urte EAJk martxan jarri zuen Gaztelekua, edo baita umeentzako Ludoteka ere. Edonola ere, 15-20 urte bitarteko gazteentzat aisialdi alternatiba gehiago eta ezberdinak falta direla deritzogu eta Islandiako eredua jarraitzen badugu, ezinbestekoa da gazteei bestelako aisialdi aukera gehiago eskaintzea" gehitu dute.  

Jeltzaleek prentsa oharrean azaldu duten moduan guraso askok kezka agertu dute gazteek aisialdia pasatzeko duten ohituren inguruan eta gazteei eurei galdetuta atera dituzte emaitza hauek.

Islandiako eredua

Islandiako eredua hartu dute adibide moduan. "Gazteak Islandian gazte eta nerabeen artean drogen kontsumoari aurre egiteko aisialdirako ekintza eta aukera ezberdinak proposatzen dituen ekimena da. Adibide baterako, Arrasate eta Aretxabaletako Udalek martxan dute horrelako ekimen, San Juan de Dios ospitalea eta herriko kirol elkarteekin batera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak