Oñatiko Udalak Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin batera aurkeztu du Singular Dendak ziurtagiria jaso dituzten herriko lehenengo bi komertzioak zeintzuk izan diren. Herrian, zazpi komertziok erakutsi zuten interesa proiektuan parte hartzeko eta bik jaso dute bereizgarria: Maibi Dekorazioak eta Arkauz Optikak.
Urrian "bezero misteriotsuak" joan zitzaizkien dendetara eta azaroan zehar, eguerditan, bai Arrasaten eta baita Oñatin ere, adituekin jardunaldiak izan dituzte. Gero, dendetara adituak joan zitzaizkien zein aldaketa edo hobekuntza egin ahal izango lituzketen jakinarazteko. Eta hortik denbora batera, hobekuntzak egin direla aztertu ostean jaso dituzte ziurtagiriak Maibi Dekorazioak eta Arkauz Optikak.
Momentuz, 105 komertziotan
Gaur egun Gipuzkoan 105 komertziok jaso dute Singular Dendak-en ziurtagiria. Merkatarien Federazioaren helburua da urtea bukatu aurretik 200 izatea horiek.
Momentuz, Oñatin proiektuarekiko interesa azaldu duten, baina ziurtagiririk oraindik jaso ez duten bost komertzioek lanean jarraituko dute, azaroan ziurtagiri gehiago banatzeko asmoa daukatelako federaziokoek.
Arrasaten ere bai
Eta bailaran, Arrasaten, hurrengo astean jakinaraziko dute zein komertziok jasoko duten ziurtagiria. Bederatzik hartu dute parte, baina momentuz, ezin daiteke izenik aurreratu.