Real Oviedoko jokalari zara eguaztena ezkero.
Hala da. Realetik irtenda, jakin banekien estilo bereko egitasmo baten parte izan gura nuela. Azken finean, pasa berri dena denboraldi zaila izan da niretzako. Ez dut gura beste jokatu. Eta elite mailako taldean jarduteko aukerak murriztea dakar horrek. Hori bai, motibazioz heltzen diot datorrenari. Bigarren taldean jokatuko dut –Bigarren B mailan–, lehen taldera jauzi egiteko lanean –Bigarren Mailan dago–.
Hilabete eskas pasa da denboraldi berria Realetik kanpo egingo zenuela iragarri zenetik. Hilabete gogorra izan da?
Aukerak aztertzeko unea izan da. Finean, aukera asko genituen mahai gainean, askotarikoak. Euskal Herriko taldeak, Estatukoak eta atzerrikoak ziren –Ingalaterrakoak, adibidez–. Eta, tartean, Real Oviedoren eskaintza iritsi zen duela egun gutxi. Egia esan, nahiko azkarra izan da asturiarrekin izandako negoziaketa. Ikusi bainuen ezin nuela aukera pasatzen utzi. 23 urte baino gehiago duen jokalariak lehen taldeaz debutatuz gero, bertan geratu beharra du –ezin du bigarren taldera itzuli–. Eta talde askoren atzera egitea dakar horrek. Real Oviedok, baina, nahasketa egin gura zuen, taldea jokalari gazteekin eta 23 urte ingurukoekin –edo zaharragoekin– osatu. Eskertzekoa da hori.
Bigarren B mailara igo berria da Real Oviedo Vetusta. Zer espero daiteke?
Maila berrira egokitzea dagokigu. Talde gaztea da. Eta jokalariak motibatuta egongo dira, seguru. Ilusioz. Garrantzitsua da hori. Bada, ea azkar egoki gaitezkeen; denboraldia hastearekin bat ikusiko dugu hori.
Denboraldiari ekiteko gogoz zaude, beraz.
Bai. Aurten ez dut gura beste jokatu. Zelaian jarduteak dakartzan sentsazioak berreskuratu gura ditut. Denboraldi ona egin. Eta talde nagusian jokatzen saiatu. Gogor lan egin behar da horretarako. Eta egingo dut.