Urteroko ohiturari jarraiki, asteburuan herri lasterketa egingo dute Torreauzoko San Pedro jaietan, hogeita batgarrenez. Gaur-gaurkoz, Abixaran taldearen esku dago horren antolaketa –hirugarren urtea da–. Eta ohikoa dute helburua: "Guztiondako erosoa eta erakargarria izango den lasterketa bilaka dadin lan egitea". Hala, aurtengoan ere egina dute horretarako urratsik: Joelette aulkia erabiliko dute, aniztasun funtzionala duen Urdin Mendiolaren parte hartzea ahalbidetzeko. Hain zuzen ere, domekan egingo dute 7,5 kilometroko lasterketa, 10:30ean, Torreauzon bertan.
Gauzak horrela, besteak beste, asteburukoa "urrats berria" izango da kirolaren "balio integratzailearen" bidean. Eta Montes Solidarios taldearen laguntza izango dute horretarako; aniztasun funtzionala duten pertsonak kirolean barnera daitezen lanean dihardu hark.
Herri lasterketa
Torreauzokoa ez da edozelako lasterketa. Antolatzaileek korrika egin "gura duen orori" eskaini gura diote horretarako aukera. Hala, "asko" dira bertan parte hartzen dutenak. Eta, hori horrela, herriko eragile ezberdinen sostengua du kirol probak. "Komertzioek, esaterako, urtero ematen dizkigute zozketarako opariak eta sariak. Asko dira euren aletxoa jarri dutenak", azaldu dute Abixaranekoek.
Izen ematea
Oraindik zabalik dute izen-ematea. Interesa duenak www.herrikrosa.eus webgunean, Aloña Mendi tabernan eta Mendizabal dendan eman dezake izena; 8 euro ordaindu beharko ditu. Eta, bestetik, egunean bertan ere izango da horretarako aukerarik. Torreauzon bertan eskainiko dute izena emateko aukera, 10:00ak bitartean. Kasu horretan, 12 euro ordaindu beharko ditu lasterketan esku hartu gura duenak.