Hungariako Debrecen hirian ariko da Ganbara datorren astean

Eneko Azurmendi 2018ko eka. 29a, 09:59

Ganbara abesbatza, Arantzazun. Argazkia: Ganbara.

Uztailaren 5ean hasiko da, Hungariako Debrecen hirian, Bela Bartok International Choral Competition, eta han izango da Oñatiko Ganbara abesbatza; bihar, zapatua, emanaldi hori prestatzeko kontzertua egingo du Ganbarak Santa Ana antzokian, 13:00etan.

Lehiaketa hori European Grand Prix izeneko txapelketako parte da, mundu mailan prestigio handiena duena, hain zuzen. Europako sei hiritako lehiaketek osatzen dute txapelketa hau: Tolosa; Arezzo (Italia); Maribor (Eslovenia); Tours (Frantzia); Varna (Bulgaria) eta Debrecen (Hungaria). Seikote horretatik, bitan parte hartzea falta zaio Ganbarari, Varnan eta Debrecenen, eta azken horretan lehiatuko da datorren egubakoitzean eta zapatuan –uztailaren 6an eta 7an–.

Musika garaikidea izango da lehiaketa honen oinarria, eta "errepertorio konplexua" eskatzen duena, Ganbara abesbatzako zuzendari Aitor Biainen esanetan. “Musika garaikidea landu beharko dugu, 1945etik gaur egunera artekoa. Izan ere, Bela Bartok konpositore hungariarraren omenezko lehiaketa da, eta, horren ondorioz, landu beharreko musikak hura hil zen urtetik –1945– gaur egunera bitartean konposatutakoa izan behar du".

Taldearentzako erronka handia izango dela dio: "Orain arte programa zabala eduki dugu, garai ezberdinetako musikarekin –Errenazimenduko musika, XIX. mendeko musika erromantikoa, Inpresionismoa...–. Baina lehiaketa honetan konpetentzia handia edukiko dugu, garaikidea delako. Estilo garaikidean abesbatza gehienak erosoago sentitzen dira, ez duelako beste garaietako musikak moduko jakintzarik eskatzen. Gu ere ondo moldatzen gara garaikidean, baina aurkari gogorrak izango ditugu".

Arlo mistoan ariko da Oñatikoa, beste zazpi abesbatzarekin batera: bi estatubatuarrak, bi errusiarrak, danimarkar bat, turkiar bat eta irlandar bat.

Zortzi aukeratuen artean izatea dagoeneko sari handia dela aitortu du Biainek. Hala ere, irabazteko ilusioarekin joango dira Hungariara. "Maila handia dago, baina gu ere ondo prestatuta goaz, eta irabaztera joango gara. Hala ere, hemen egotea jada saria da guretzat, 50-60 abesbatzak izena ematen dutela kontuan hartuta".

Ganbararen errepertorioa Debrecengo lehiaketan:

Mitologia ikuskizuna, irailaren 21ean

Gaur, egubakoitza, aire zabalean Kirrukuako zelaietan egitekoak ziren Euskal mitologia, gure historia emanaldia irailaren 21era atzeratu dute Ganbara Faktoriakoek, "ekaitz arriskua dela eta". Sarreren diruaren itzulketa edo aldaketa Txokolateixan egin ahal izango dute herritarrek, uztailaren 27ra bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak