Irailaren amaieran eta urriaren hasieran egingo diren herriko jai nagusietarako bi deialdiren berri eman du udaleko kultura sailak:
- Herri Egunean talo tabernaren kudeaketa. Aurkezten den taldearen ardura izango da: horniketa eta ustiaketa osoa. Era berean, lortutako irabaziak taldearentzat izango dira.
- Herri Eguneko herri bazkaria. Bazkarirako mahaiak atondu eta bazkaria zerbitzatzea izango da talde honen ardura. 40 pertsonez osaturiko taldea izan behar da eta 13:00etarako kiroldegi aurrean egoteko konpromisoa hartu behar du.
Bi deialdien izen-ematea uztailaren 6an amaituko da. Interesa dutenek kultura.idazkaritza@onati.eus helbidea erabilita edo 943 78 03 53 zenbakira deituta eman dezakete izena.
Artisau azoka eta salmenta postuak
Bestalde, Herri Egunean unibertsitatearen klaustroan egin ohi den artisau azokarako izen-ematea uztailaren 2an zabalduko dute. Baita egun horretan egoten diren salmenta postuetarako deialdia ere. Batean zein bestean, uztailaren 13a bitartean eman daiteke izena.
Urriaren 6an egingo da aurtengo Herri Eguna.