Gaurtik aurrera, itxura berria izango dute Azkoagainerako bidean dauden bi pinuk. "Duela zenbait aste, hainbat pinu moztu behar izan genituen prozesionarioa zutelako. Eta iruditu zitzaidan polita litzatekeela horien behealdea egurrezko irudiak egiteko erabiltzea", aitortu du Tomas Sagastik, egurzale oñatiarrak. Eurek adostu dituzte irudiak: futbol jokalaria eta Aloña Mendiren armarria –katagorria egitea erabaki dute ostean–.
Besteak beste, egurrei forma ematea "terapia modukoa" da egurzaleentzat. "Halako egitasmoek balio gehigarria ematen diote egurrari. Eta, gainera, esan daiteke terapia modukoa dela geuretzako. Beraz, gustura gabiltza", aitortu du Cisco Masague, egurzale katalanak. Esan beharrekoa da Katalunian egiten diren aldian aldiko erakustaldietan esku hartu ohi duela Masaguek.
Harrera ona
Eta Borja Moiua kirol zinegotzia "gustura" azaldu da ekimenarekin. "Polita da natura elementuekin halakoak egitea", dio. Hori bai, behin bukatuta, irudion mantenuaren ingurukoak erabakitzen hastea dagokie: "Orain dagoen moduan utzita, egurra ustelduta legoke bi urteren buruan. Egurzaleen esanetan, irudiok harri baten gainean jartzea izan liteke soluzioa. Horren inguruko erabakia hartzea dagokigu".