Zazpibideta edo Sietevientos bidegurutzea itxi egiten dute zirkulaziorako egubakoitz arratsaldetan eta zapatu eguarditik domeka gauera. Tarte horretan baimena duten ibilgailuak baino ezin dira hortik pasa. Denbora batez hesiak jartzen zituzten hori kontrolatzeko baina beste sistema eraginkor baten bila ibili da udala eta matrikulak irakurtzeko sistema duten kamerak jarri dituzte.
Matrikula irakurle sistema instalatu da eta beharrezko frogak egin ondoren, asteburuan jarriko dute martxan. Kamera Unibertsitate etorbideko zutabe baten dago eta handik Unibertsitate etorbidetik bi norabideetan pasatzen diren ibilgailuak kontrolatuko dira. Baita Kale Zaharra eta Foruen enparantzako sarrerak ere. Horrela, baimendutako ibilgailuak eta ordutegitan soilik sartzen direla zainduko da. Bidegurutzea zirkulaziorako itxita dagoen tartean baimenik gabeko ibilgailuren bat pasatzen bada, kamerak matrikula irakurri eta informazio hori udaltzainek jasoko dute zuzenean eta ibilgailuaren jabeak isuna jasoko du. Inguruan, trafikoa kamera bidez zaintzen den gunea dela adierazten duten kartelak jarri dira.