Etorkizuneko Oñati diseinatzeko Oñatiko EH Bilduk martxan duen prozesua da Harittu. Sail ezberdinak ditu eta bakoitza informazioa batzen ari da hainbat eragile eta norbanakoen iritziak jasota.
Adierazi dute sail bakoitzeko kideek bide propioak aukeratu dituztela parte hartzea bultzatzeko edo
informazioa batzeko, bere errealitate konkretura egokituta. Jolas hau gazteria sailak antolatu duen ekimena da. Honez gain, "kutxak kokatu ditugu tabernetan zein kiroldegian proposamenak jasotzeko, inkesta bat bideratu dugu kultur etxeko erabiltzaileena eraikina eta bere zerbitzua baloratzeko, inkesta bat helarazi dugu whatsapp bidez hainbat arlori buruzko gazteen iritzia jasotzeko. Zenbat eta informazio gehiago jaso, ordea, diagnostiko osatuago bat egingo dugu. Horregatik bururatu zaigu Gazte tribiala".
Tribialean, talde txikitan batuko dituzte parte-hartzaileak eta hainbat tauletan banatuko. Hainbat gai daude
laukietan, eta erortzen diren laukiko gaiari buruzko galderak erantzun beharko dituzte. Ez dira horrelako laukiak bakarrik egongo, marrazketa, trago eta pintxo puntuak ere prestatu dituzte. "Pintxopote tokea eman diogu jolasari azkenean". Jolasa egubakoitzean izango da 18:30ean, txosna gunean.
Harittu prozesua irailaren amaieran edo urriaren hasieran aurkeztu asmo du EH Bilduk.