Eguna elkarrekin igarotzeko batu dira Oñatiko ehun erretiratu baino gehiago Zubikoan, bazkari eder batean. Goizean meza izan dute parrokian, eta ondoren, eguneko unerik hunkigarri eta politena etorri da. Izan ere, aurten 90 urte bete dituzten Euxebi Errasti eta Jose Mari Jauregialtzo Paikok merezitako omenaldia jaso dute lagunen eta senideen aurrean. Oñatz dantza taldeko dantzari gazteek hainbat dantza eskaini dizkiete omenduei, eta Txinparta bertso eskolako kideek ere lau bertso abestu dituzte Zubikoan. Mikel Biain Oñatiko alkatea ere izan da omenaldian.
Ostean, bazkaria izan dute erretiratuek, eta ondo bazkaldu eta gero, dantzarako tartea ere izan dute.