Iñigo Odriozola antolatzailea pozik zegoen jardunaldiak izan duen erantzunarekin: "Horrelako ekitaldietan 50 bat lagun elkartzea arrakasta dela esan daiteke". "Afrikan lanean ibili diren boluntarioak, adiskideak, Irungo talde feminista bateko kideak... izan dira jardunaldira etorri direnak", gaineratu du.
Kongoko eta Nigeriako errealitatea
Familia giroan pasa zutela eguna nabarmendu du Odriozolak. Judith Prat kazetaria eta argazkilariaren eskutik Afrika gertuagotik ezagutzeko aukera izan zutela azaldu du: "Konkretuki Kongoko eta Nigeriako errealitatea azaldu zuen. Kongon, Koltan mineralak eragiten duen gatazkaren gainean jardun zuen; eta, Nigerian, Boko Haram taldeak eragiten duen minaren gainean".
Emakumearen ikuspegitik arrazoitua
Gatazken oinarrian arazo ekonomikoa dagoela azaldu zuen Prat kazetariak. "Bestalde, Nigerian Boko Haram taldeak emakumeak eta umeak 'arma' moduan erabiltzen dituela azaldu zuen; ez ahulak direlako, baizik eta gizartean eta familian elementu garrantzitsuak direlako. Modu horretan, gizartea ahultzen dute", dio Odriozolak.
Zineforum saioak ere arrakasta izan zuela dio Odriozolak: zinema afrikarreko kritikari Beatriz Leal izan zuten gonbidatu.
Urtean behin
Urtean behin egiten dute Arantzazun Afrikaren inguruko jardunaldia; eta, izan duen erantzuna ikusita "ilusioz" daude hurrengoan ere egiteko.