Zubikoan zuzenduko duen azkena izango da biharko txapelketa

Xabier Infante 'Artza', Zubikoako kiroldegian
Benjamin eta alebin mailetako 300 neska-mutiko lehiatuko dira bihar, zapatua, Zubikoako igerileku handian. Xabier infante 'Artza'-rendako egun berezia, Aloña Mendiko entrenatzaile moduan etxean zuzenduko duen azken txapelketa izango da eta.
Datorren hilean, uztailean, beteko ditu 60 urte Xabier Infante Artza-k, eta erretiroa hartuko du. Ez da, baina, igerilekutik erretiratuko. Argi du hori: "Entrenatzailea Josune Odriozola izango da gero, eta ni hark esandakoak betetzen egongo naiz. Egunen batean autoa hartu eta nonbaitera joatea pentsatzen badut, joango naiz, hori bai".

Badoa

Entrenatzaile moduan egingo duen azkena da Artza-rendako bukatzear dagoen ikasturte hau. Sare sozialen bitartez ere agurtu ditu joan den irailetik hona egon den lehiaketak. Horrek, baina, ez du esan gura Artza
poz-pozik doanik azken hiru hamarkadetan bere lantokia izan den taldetik. "Ez nabil atzera kontua egutegian markatzen, egunak borratzen, alegia. Ez. Egia esanda, pena dut. Oso gustura nago ni igeriketan, baina denak du amaiera-data bat. Erretiroa hartzeko ere eguna jarri behar da, eta nik uztailaren amaierakoa jarri nuen", dio hark.
 
Erretiroa hartu eta gero zer egingo duen galdetuta, argi du erantzuna: "Ez naiz entrenatzailea izango, baina bai laguntzailea, eta hurrengo lehiaketak ikusiko ditut laguntzaile eta antolatzaile. Eta noski, lagunekin ere egingo ditut planak. Esaterako, Iruñeko lagunekin egun osoko plana dut eginda Euskal Herriko txapelketa han jokatzen denerako".

Lagunak

Iruñean bakarrik ez, herri askotan ditu lagunak Artza-k: "Lagun asko eta onak egin ditut igeriketari lotuta egon naizen urte hauetan guztietan. Hori da geldituko zaidan oroitzapenik onena. Oso momentu onak pasatu ditut, bai, baina egindako harremanekin eta lagunekin gelditzen naiz". Lagun horiek, hain zuzen ere, badakite, noski, Artza erretiroa hartzekotan dagoela, eta opariak egin dizkiote. Hunkigarrienetakoa, duela aste gutxi Arabako hiriburuan jasotakoa. Gasteiztarra da sortzez Artza, eta hango Judizmendi igeriketa elkartean hasi zen igerian. Harreman hori mantendu egin dute eta horren erakusgarri da ekainaren 2an Gasteizen jokatu zen lehiaketan jaso zuen oroigarria: alde batean Aloña Mendiko armarria, beste batean Judizmendikoa eta sorbalda gainetan Baskonia eta Alaves taldeen bufandak dituen panpina bat, Eskerrik asko! jartzen duen ohol baten gainean. "Ilusio handia egin zidan opari horrek. Ama eta anaia ere han ziren, igerilekuan, eta oso polita izan zen", dio Infantek.

Azkena

Bihar, zapatua, Corpusetako igeriketa txapelketa izango dute benjamin eta alebin kategorietako igerilariek Zubikoan. Egun berezia izango da Infanterendako, entrenatzaile moduan Oñatin egingo duen azken saioa
izango baita. Ikasturtea bukatzeko, Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute alebinek Azpeitian ekainaren 16-17ko asteburuan eta hileko azken asteburuan, berriz, Euskal Herrikoa Ordizian. Baina bi horiek etxetik kanpora egingo dituzten lehiaketak dira eta zapatukoa izango da etxeko azkena Aloña Mendiko egungo entrenatzailearendako. "Badakit hunkitu egingo naizela. Eta negar ere egingo dut, agian, baina hori oso osasuntsua da, barruko emozio eta tentsioa negar eginda kanporatzea sanoa da oso".
 
Gipuzkoako, Nafarroako eta Gasteizko hainbat igeriketa elkartetako igerilariak elkartuko dira biharko proban Oñatin; 300 bat neska-mutiko, guztira. Proba, betiko moduan, 15:30ean hasiko da eta igerilekua 13:30ak arte bakarrik egongo da zabalik erabiltzaileendako.

Obrak

Xabier Infante Artza-k 34 urteegin ditu lanean Oñatiko igerilekuan. Egun, 150 igerilari daude hark entrenatzen duen Aloña Mendi elkartean, eta kezka duela dio, kiroldegiko obren ostean taldea nola geldituko den galdetuta. "Emaitzak lortzeko oinarri sendoa behar da egon, eta ez dakit zer gertatuko den obren ostean. Egia da kiroldegia, baina igerilekuak konkretuki, eraberritu egin behar dela. Igerilekuek goia jo dute eta berritu egin behar dira, bai. Aurten ez bada datozen urteetan egin beharreko lana da hori. Orain egingo dute, eta albiste hori ona da. Horrek, baina, etena ekarri dezake taldean, eta hori da alde txarra. Hala ere, hemendik aurrera egin behar dena da aurkeztu diren hiru enpresa horien artean aukeraketa ona egin eta hasieratik zehaztu zer egin gura den, eraberritze prozesuan erabiliko diren materialak zeintzuk izango diren ere kontuan hartuta. Eta, noski, obren jarraipena egitea behar-beharrezkoa da, nire ustez".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.